Sakanako krisi ekonomiko gogorrari eta %23ko langabezi tasa baino handiagoari aurre egiteko, Sakanako Plan Estrategikoa gauzatu dute ibarreko eragileek. Planak Sakanako Udal guztien eta ibarreko erakundeen babesa lortu du. Adostutako plana Nafarroako instituzioei ezagutaraztea erabaki da, bildutako ekintzak aurrera eramateko Nafarroako instituzioen inplikazioa ezinbestekoa delako, eta horregatik, prozesuaren sustatzaileen ordezkaritza batek talde parlamentari guztiekin bilera erronda hasi du. Mank-eko presidente Aitor Karasatorrek, Sakanako garapen agente Iker Manterolak eta Aintzane Iriberrik, Sakanako Garapen Agentziako kontseiluko eta Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuk, Sakantzen Sareko Joseba Garmendiak osatu dute Sakanako ordezkaritza.
Asteartean Parlamentuan egindako lehen bileretan UPNko Coro Gainzarekin, PPko Ana Beltranekin eta Izquierda-Ezkerrako Txema Mauleonekin bildu zen Sakanako Plan Estrategikoaren ordezkaritza. “Bilera hauetan Sakanan egindako lanaren errekonozimendua jasotzeaz aparte, elkarlanerako borondatea eta laguntzeko prestutasuna agertu dute talde parlamentari hauetako ordezkariek” adierazi dute Sakanako ordezkaritzatik. Hurrengo astean Sakanako ordezkaritza PSN, Geroa Bai eta EHBildu taldeko parlamentariekin bilduko da. “Hasi berri ditugun bileren balorazio ona egiten dugu. Alderdi guztien babesa lortzen saiatzen ari gara”, gaineratu dute ordezkaritzatik.
Bilera erronden ondoren, Nafarroako Gobernuari aurkeztuko diote Plan Estrategikoa, eta berau aurrera eramateko beharrezko diren baliabideen inguruko negoziazioa hasiko dute Lourdes Goikoetxearekin. Jakin dugunez, negoziazio taldea Sakanako Garapen Agentziako administrazio kontseiluan aukeratuko da aste honetan. Plana aurrera eraman ahal izateko beharrezko baliabide ekonomikoak eskatzea da asmoa. Aurreratu digutenez, “plana aurrera eraman ahal izateko Nafarroako Gobernuak bost urteetan 20 milioi euro jarri beharko lituzke”.
Sakanako Plan Estrategikoa
Plana Mank-ek, Garapen Agentziak, Sakantzen Sareak eta Cederna-Garalurrek sustatu zuten. Lau lan-taldetan banatuta, sei hilabetez esperientzia eta ezagutza zabaleko 51 pertsona eta 8 dinamizatzaile Sakana 2020 Plan Estrategikoa (SPE) lantzen aritu ziren. Sakanan krisi ekonomiko gogorra eta %23ko langabezi tasa baino handiagoa izanik, ibarreko aditu eta arituez talde horrek osatutako diagnositik abiatuta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren iraunkortasunean oinarrituriko lanpostuak sortzea erraztuko duten etorkizunerako apustu eta ekimen zehatzak proposatu dituzte. SPEk lau esparru estrategikotan –elikadura (lehen sektorea eta elikagaien industria), industria (industria eta enpresa zerbitzuak), energia (basogintza, energia berriztagarriak eta eraikuntza) eta turismoa (turismoaren sektorea)–13 ardatz, 54 lan ildo eta 147 ekintza jasotzen ditu. Esparru guztietan arlo transbertsal gisa hezkuntza eta merkataritza gehitu zaie.
Planak Sakanako Udal guztien babesa izan du.
www.sakanagaratzen.com
Sakanako Plan Estrategikoa bertan kontsultatu daiteke.