Ahozkotasuna lantzeagatik Aralarko Mikel Donea institutua saritua

Guaixe 2014ko azaroaren 13a

Irakurmena eta idazmena ahaztu gabe, gehienbat ikasleen ahozkotasuna lantzeko plan bategatik Hezkuntza Departamentuaren aitortza jaso du ikastetxeak. 23 irakasle eta DBHko eta Batxilergoko lehen mailako 300 bat ikaslek parte hartzen dute.

Hezkuntza Departamentuak Aralarko Mikel Donea Institutuan ahozkotasuna lantzeko egindako lana sari batekin aitortu du. Atzo jaso zuten joan den ikasturtean egindako lanaren aitortza diren praktika onen zigilua, Blitz-Ratón de Biblioteca liburu sorta bat eta ekimeneko irakasle sustatzaileendako diploma.

Duela bost ikasturte hasi ziren ahozkotasuna lantzen institutuan. Orduan dozena erdi inguru irakasle eta 20 bat ikasle izan ziren plana abiarazi zutenak. Baina emaitzak ikusita, ikasturtez ikasturte irakasle eta ikasle gehiago batu dira. Ikasleak aktiboago bihurtzea da planaren metodologiaren funtsa Juantxo Zabala gorputz heziketako irakasleak azaldu digunez. Horretarako, ikasleek hainbat gaietako edukiak landu eta ikasitakoa gelaren aurrean aurkeztu beharko dute. “Sari politena ikasleek aurrera egiten dutela ikustea da”, esan digu Zabalak.

Irakasle parte-hatzaileak
Juantxu Zabala, Cristina Tolosa, Iñaki Mundiñano, Maria Flores, Nerea Balda, Jesus Garcia, Miren Gurutze Azurmendi, Arantza Morales, Eneritz Beldarrain, Iñigo Aldunate, Raul Navarro, Eneritz Etxaniz, Arantzazu Agirre, Ignacio Toni, Arantza Najera, Arkaitz Errazkin, Amparo Ibarra eta Mª Fatima Asurabarrena.



Juantxo Zabala
Planeko irakasle parte-hartzailea

Zergatik ahozkotasunarekin kezka?
Diagnosia egin, ondorioak atera genuen: ez da ahozkotasunik lantzen, edo oso gutxi. Landu egin behar dela ondorioztatu genuen. Irakurmenean eta idazketan oinarritutako hezkuntza ereduak izan dituen ondorioak bideratu eta ahozkotasunari tokia emateko sortu genuen plana.

Zergatik landu ahozkotasuna?
Ez delako lantzen eta horrela ezin da hobetu. Badago jendea ahozko adierazpenerako gaitasuna duena, baina gauza guztiak bezala ikasi egiten da. Hezkuntzan euskararen egoera zein den ikusita derrigorrezkoa ikusten genuen ahozkotasuna ere lantzea. Kalkulatuz gero, ikasle batek zenbat hitz egin dezake astean zehar euskaraz klasean? D eredura joaten diren ikasle askok etxean euskaraz hitz egiteko aukerarik ez dute. Institutuan ere hitz egiteko aukera ez badute, nola esanen diegu euskaraz hitz egiteko?

Nola lantzen duzue?
Lehenik irakasleak elkartu eta hainbat talde sortzen ditugu. Haiek sekuentzia didaktikoak sortzen dituzte. Irakasle bakoitzaren ikasgaiarekin zerikusia duten egoera baten aurrean jartzen ditugu ikasleak helburu komunikatibo baten bitartez. Grabatu egiten dugu. Eta hiruzpalau astetan irakasle guztiak elkar koordinatuta eta lan eginez bukaeran beste grabazio bat egiten dugu. Hala, hobekuntza egon den edo ez ikusten dugu. Bi grabazioak alderatuta ebaluatu egiten dugu. Sekuentzia didaktiko bakoitzaren bukaeran ikasleekin balorazioa egiten dugu eta esaten dute oso gustura daudela.

Emaitza?
Hobekuntza beti eman da eta nahiko pozik gaude. Konturatu gara ikasleek ez dutela soilik euren euskara maila hobetzen, baizik eta ikasgaian landutako edukiak beste modu batera barneratzen dituztela. Ikasleak aktibo bihurtzen dira. Ez badute hitz egiten, ez badiegu txanda ematen ez dira aktibo izanen. Beti esaten dut irakasleek gehiegi eta ikasleek gutxiegi hitz egiten dugula. Eta, gainera, euskaraz hitz egiteko esaten diegu. Nahikoa kontraesan handia da. Dena ez bada ere, aldaketaren bat egiten hasi beharko gara.

Pasabidean nabari da gero?
Ez. Dena gela barruan egiten da. Ikastetxeei arlo horretan presio gehiegi egiten zaio. Ikastetxeena da euskararen kontua, baina gizarte guztiarena ere. Gu ahalegintzen ari garena da gure ardurapean dagoen gela barruko ikasketak beste modu batera ematen eta euskara, bide batez, bultzatzen.

Aurten ere segitzen duzue?
Jendaurreko aurkezpenak izan dira orain arte gehien bat landu duten lan moldea. Ikasturte honetako berrikuntza mahai-inguruak izanen dira. Bi mailetan eginen dituzte, DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 1. mailan.

Guretako lan gehiago da. Gauden egoera kontutan hartuta, ahalegin handiagoa eskatzen digu horrek. Baina horrela ari gara, aurrera egiten dugula ikusten dugulako.