Bi urtetik behin jokatzen den Mariano Izeta bertso sariketak seigarren edizioa du aurten. Eta inoizko parte hartze kopuru handiena ere badu: 18. Guztiak gaur jokatuko diren hiru kanporaketetan ariko dira. Haien artean bi bertsolari etxarriar daude: Unai Artieda eta Saats Karasatorre. Haiekin batera gaurko Arbizuko bertso merenduan Ioar Tainta (Lesaka), Joanes Ilarregi (Leitza), Amaia Elizagoien (Oronoz) eta Kotte Plaza (Irurita) ariko dira. Hiru kanporaketatik bi onenak pasako dira hilaren 21ean Elizondon jokatuko den finalera. Hura 2006an Oier Lakuntza urdiaindarrak irabazi zuen.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Bien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izanen zaien esperientzia har dezaten. Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan Xalto sariketa jokatzen da, beti ere, Nafarroako etorkizuneko bertsolaritzari oinarria jartzeko. Sariketak Mariano Izeta zenaren izena hartzen du, elizondoarrak herri kultura eta, bereziki, bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko.
Finala
Azaroaren 21ean, 21:00etan, eginen den afari baten ondoren jokatuko da sariketako finala, Baztango Errugbi Taldearen elkartean. Sarrerak 15 eurotan eskuratu daitezke Nafarroako Bertsozale Elkartean (nafarroa@bertsozale.eus edo 948143747 telefonoan).