Etxarri liderrak irabazi eta Altsasuk galdu

Guaixe 2014ko azaroaren 17a

Altsasuk urrezko 3 puntu ihes egiten utzi zituen.

Erregional maila. 11. jardunaldia: Itaroa Huarte 0 – Etxarri Aranatz 1 / Altsasu 0 – Burlades 1

Etxarri Aranatzek erregional mailako 4. multzoko lidergoari eusten dio, Itaroa Huarteri 0-1 irabazi eta gero. Partida hasi eta 5. minuturako Etxarri aurreratu zen, Huarteko taldeak euren atean sartutako gol bati esker. Huartekoek ez zuten amore eman eta gol aukerak sortu zituzten, baina ez zuten Etxarriko atea zulatu. Atsedenaldiaren ondoren Huartek izan zuen baloiaren jabetza, gehiago erasotu zuen eta gehiago izan zen, baina Etxarrik eraso guztiei aurre egin zien eta bere gol aukerak izan zituen baita ere. Azkenean, 3 puntuekin eta lidergoarekin itzuli ziren etxera etxarriarrak.

Aldiz, Altsasuk ezin izan zituen Dantzalekun jokoan zeuden 3 puntuak lortu. Lehen zatian ez zen aparteko jokaldirik egon. Bigarren zatian Altsasuk gehiago estutu zuen, baina egia esan, ez zuten aparteko arriskurik sortu. Bi taldeak saiatu ziren, eta 85. minutuan alboko sake bati sekulako burukadarekin erantzunez gola sartu zuen Burladeseko Luquek. Altsasuk ezin izan zuen erantzun eta urrezko 3 puntu ihes egiten utzi zituen.

Etxarri da erregional mailako liderra, 25 punturekin. 22na puntu dituzte Burladesek eta San Jorgek. Altsasu 10.a da, 15 punturekin. Asteburuan Etxarrik sailkapenean 12.a den Universidad de Navarra hartuko du eta 14.a den Ultzamaren kontra jokatuko du Altsasuk.