Arbizuko Argibidea elkartean ostiralean 45 bat bertsozale elkartu ziren, arbizuarrak eta etxarriarrak gehienak. Guztiak ere Mariano Izeta bertso sariketaren kanporaketarekin gozatzeko asmoz. Kotte Plaza (Irurita), Ioar Tainta (Lesaka), Joanes Ilarregi (Leitza), Amaia Elizagoien (Oronoz) eta Unai Artieda eta Saats Karasatorre etxarriarrak aritu ziren kantuan. Aurreneko biak izan ziren finalerako sailkatu zirenak.
Etxarriarrei dagokienez, biak ere txukun aritu ziren. Artieda oso ongi aritu zen eta gutxigatik ez zuen lortu finalean sartzea. Tarteka ongi aritu zen Karasatorre, baina urduritasuna nabaritu zitzaion. Hala ere, Bardoak txapelketan hasitako bidean aurrera egin dutela nabaritu zitzaien. Biak ere, ostegunero, bertso eskolan aritzen dira, bat-batean bertsotan aritzeko trebezia ontzeko.
Finala
Mariano Izeta bertso sariketaren seigarren edizioko finalean seikote hau ariko da: Alazne Untxalo (Ituren), Maddalen Lopez (Lesaka), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita) eta Ioar Tainta (Lesaka). Finala Baztango Errugbi Taldeko elkartean izanen da eta Fernando Anbustegik aurkeztuko du. Epaile lanetan Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Mikel Altzuart arituko dira. Afaldu ondoren, 22:00etan, hasiko da saioa. Afarira joateko txartelak 15 euro balio ditu eta Nafarroako Bertsozale Elkartean erreserbatu (nafarroa@bertsozale.eus edo 948143747 telefonoan) daitezke.