Nafarroako Triatloi Federazioak antolatuta, azaroaren 15ean Nafarroako Triatloi Gala ospatu zen Lizarran. Bertan, besteak beste, 2014 denboraldiko Nafarroako Kirol Jolasen sariak, Nafarroako Duatloi eta Triatloi Zirkuituko sariak eta Nafarroako Duatloi eta Triatloi Eliteko sariak banatu ziren. Sari horietako batzuk Sakanara etorri dira, puntako duatletak eta triatletak baititugu.
Nafar Kirol Jolasetan Iker Mintegi txapelduna eta Fermin Azkargorta eta Iñigo Maiza txapeldunordeak
Nafarroako Kirol Jolasetako Duatloi Txapelketan ondoko probek puntuatzen zuten: Aranguren, Altsasu, Arbizu, San Juan, Tafalla, Basaburua eta Trizurko. Sakana Triatloi Taldeko duatletek maila bikaina eman zuten. Iker Mintegi altsasuarrak kimuen mailako txapelketa irabazi du, 26 punturekin. Basaburua, San Juan, Arbizu, Altsasu eta Arangurengo probak irabazi zituen altsasuarrak, eta merezitako txapelduna da. Bestalde, haurren mutilen mailan Atalaya taldeko Mikel Armañanzas izan da txapelduna, 21 punturekin. Puntu berberak lortu ditu Sakana taldeko Fermin Azkargortak, eta nahiz eta Armañanzasek baino garaipen gehiago izan, Armañanzasek proba gehiagotan parte hartu zuen eta horregatik izendatu dute txapelduna. Unai Villalobos 4.a sailkatu da (17 puntu) eta Oihan Perez 10.a (4 puntu). Bestalde, haurren nesken mailan Leire Maiza 5.a sailkatu da (10 puntu). Aipatzekoa da ere kadeteen gizonezkoetan Iñigo Maiza etxarriarrak lortutako 2. postua (17 puntu), Saltokiko David Bronte txapeldunetik 7 puntura.
Beste emaitza batzuk aipatzearren, benjamin mailan Xabier Borrega 8.a sailkatu da (7 puntu) eta Ander Villalobos 16.a (4 puntu). Halaber, Xabier Borrega Nafar Kirol Jolasetako Triatloi txapelketan benjamin mailan 5.a sailkatu da (16 puntu).
Triatloi eta Duatloi Zirkuituan Igor Flores 5.a
Nafarroako Triatloi eta Duatloi Zirkuituan hurrengo probek puntuatzen zuten: Altsasu, Arbizu, San Adrian, San Juan, Tafalla, Aritzaleku, Ultzama, Mutiloa, San Juan eta Mendigorria. Proba guztiak kontuan hartuta Saltoki taldeko Martin Iraizozek lortu ditu puntu gehien, 418. Sakana Triatloi Taldeko kideek primerako maila eman dute. Aipatzekotan, Igor Flores 5.a izan da (310 puntu), Sergio Garcia de Eulate 6.a (299 p.), Javier Borrega 13.a (166 p.) eta Juan Luis Maiza 17.a (149 p.). Gainontzeko sakandarrak 40. postutik aurrera sailkatu dira.
Elite mailako Triatloi eta Duatloi Zirkuituan, Agoitz, Valtierra, Isaba, Ardantze, Aritzaleku, Tutera, Natación, Zizur eta Kuatriatloia probak ziren puntuagarriak. Jose Antonio Sadaba izan da onena (275 puntu). Lehen sakandarra Juan Luis Maiza izan da, 24. postuan (134 p.). Atzetik sailkatu dira Flores, Benjumea, Garcia de Eulate eta beste.