Plazaolako bide berdearen Sakanako ibilbidea zehaztuta

Guaixe 2014ko aza. 20a, 09:50

Irurtzungo, Arakilgo eta Itza Zendeako ibilbideko 9,5 km-etako zatia da 85 km-ko bide berdean.

Plazaola trenaren ibilbidea baliatuz Iruñea eta Donostia arteko bide berdea egiteko asmoak aurrera segitzen du. Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du Irurtzun eta Saratsa arteko tartea zehaztuta dagoela, ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedura despeditu baita.

Proiektua gauzatzeko Irurtzunen udalari bidea diren 5.539 metro karratu desjabetuko dizkiote. Aizkorben guztira 9.480 metro karratu desjabetuko dituzte, aurreikusitakoa baino 821 gutxiago. Desjabetzak horrela daude banatuta: 7 partikularri 4.250 m2 (434 gutxiago), Arakilgo Udalari sei lursailetatik, 4.304 m2 (408 gutxiago), Ebroko Ur Konfederazioari bi lur-sailetatik, 760 m2 (berdin), eta Nafarroako Gobernuari bi lur-sailetatik, 160 m2 (20 gehiago).

Sakanan
Plazaolak 85 km-ko ibilbidea zuen. Haietatik 2,3 Sakanan. Bere bidean zituen 66 tuneletatik bi Sakanan daude, Aizkorben (620 metro) eta Irurtzunen (Artadikoa, 180 metro). Biak ere luiziengatik itxiak daude gaur egun. Trenbidearen jatorrizko ibilbideari ezin zaionean segi ibilbide alternatiboak aurreikusi dira, “bide berdearen” jarraipena bermatzeko. 17 geltokietako bat Irurtzungoa zen, egun desagertua dagoena.