Plan Estrategikoak talde parlamentarien babesa jaso du

Guaixe 2014ko azaroaren 20a

Aintzane Iriberri, Iker Manterola, Joseba Garmendia, Aitor Karasatorre parlamentuan.

Nafarroako Gobernuari aurkeztuko zaio orain, Sakanan adostutakoa aurrera ateratzeko gobernuaren partehartzea eta inplikazioa zehazteko.

Sakanako Plan Estrategikoa aurrera eramateko Nafarroako instituzioen inplikazioa ezinbestekoa da, eta horregatik prozesuaren sustatzaileen ordezkaritza batek talde parlamentari guztiekin bilera erronda hasi du. Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzaren azalpena da.

Horregatik, bera eta plana mamitzen izandakoen ordezkaritza bat aurreko astean eta honetan Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten taldeekin elkartu dira. egon dira. Pasa den astean UPNko Coro Gainzari, PPko Ana Beltrani eta Izquierda-Ezkerrako Txema Mauleoni eman zieten planaren berri. Aste honetan despeditu dute erronda PSNko Carmen Otxoa, EHBilduko Txentxo Jimenez, Juan Carlos Longas eta Bittor Rubio eta Geroa Baiko Manu Aierdirekin elkartu ondoren.

Aitortza eta lehentasunak
Guztiek Sakanan egindako lana aitortu dutela jakinarazi digu Karasatorrek, eta “elkarlanerako borondatea eta laguntzeko prestutasuna agertu dute”. Parlamentuko taldeen babesa lortu ondoren ibarreko ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarriko dira. Karasatorrek argitu digunez, “hurrengo pausoa, Sakanan adostutakoa aurrera ateratzeko gobernuaren partehartzea eta inplikazioa zehaztea izango da”.

Plana egiten parte hartu zuten eragileen eta erakundeen ordezkariek osatzen duten Planaren Garapen Lan taldeak lehentasun batzuk zehaztuak ditu. “Baina denok argi dugu Plan Estrategikoaren ezaugarrietako bat malgutasuna dela eta izan behar duela” azaldu digu Karasatorrek. Horren arrazoietako bat egoera ekonomikoak jarritako baldintzak dira. “Horregatik, lehentasunak finantziazioaren arabera ezarriko dira, beharren eta aukeren arabera” gaineratu du Mank-eko buruak. “Hala ere, oraingoz, dinamizazio programak indartu eta ugaritzea litzateke lehentasuna, Plan estrategikoaren ezaugarri nagusia elkarlana izanik, prozesu horiek indartzeko beharrezkoak baitira”.