Sexu indarkeriaren kontra, ahalduntze indibidual eta kolektiboa

Guaixe 2014ko azaroaren 25a

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela eta Etxarriko eta Altsasuko mugimendu feministak ezarritako helburu horretara iristeko autodefentsa feminista aldarrikatu dute.

Azaroaren 25a, gaur, izendatua dago Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko eguna. Hori dela eta, Etxarri Aranazko eta Altsasuko Bilgune Feministak Altsasuko Feministekin batera “zapalkuntza patriarkalak bizirauteko ezinbestekoa duen indarkeria sexistaren makineriaren” kontra azaldu dira: “estetika kanonak, lan banaketa, maitasun erromantikoaren ideologia, erasoak… Autodefentsa feministaz lehertuko dugu”.

Euskal Herrian aurten eraildako emakumeak hiru izan direla gogora ekarri dute. “Indarkeria sexistak ez du etenik. Era berean, larritzat jotzen ditugu gazteen arteko sexu-afektiboetan indarkeria sexista hazten ari dela erakusten duten ikerketa edota lan sektore feminizatuetan ematen ari den prekarizazioa”. Feministek salatu dutenez, “sistemak forma aldaketak egin arren oinarrizko hierarkia eta zapalkuntza mantentzen da”.

Ahalduntzea
Mugimenduko kideek adierazi dutenez, “indarkeria emakumeen zapalkuntza ideologikoa, ekonomikoa eta soziala mantentzeko heteropatriarkatuaren ezinbesteko tresna da, generoaren araberako lan banaketan eta emakumeen bizi baldintzen prekarizazioan sakonduz”. Aldi berean, komunikabideek eta instituzioek emakumeen aurkako indarkeria sexistaz egiten duten trataera estereotipatua eta sinplifikatua salatu dute: “ez gara biktimak, ez subjektu pasiboak ezinstituzioetatik bulkatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen. Ahalduntze indibidual eta kolektibo baten bidean autodefentsa feminista aukeratzen dugu”.

Kolektiboki erasoei erantzuten eta salatzen segitzeaz aparte, alternatiba bat eraiki nahi dute. “Euskal Herriaren burujabetza feminista” aldarrikatu dute eta bide hori ibili nahi duten emakume abertzaleei abenduaren 13an Ondarroan izanen diren VI. Emakume Abertzaleon Topaketan parte hartzeko deia luzatu dute. Aurretik, gaurko deialdietan parte hartzera deitu dute.

Egitaraua
Autodefentsa sarea josiz,emakumeon kontrako indarkeriari aurre egin!
Gaur, 19:00etan, Etxarri Aranazko plazan eta 20:00etan, Altsasuko plazan. Azken horren ondoren auzatea eta film laburren emanaldia.

Autodefentsa ikastaroak
Azaroaren 21ean eta 22an Altsasun eta abenduaren 20an eta 27an Etxarri Aranatzen.