Euskaltzaleak saretzen hasiak

Guaixe 2014ko azaroaren 22a

Euskarazko hedabideen aldeko agerraldian hainbat euskaltzale.

Sakanako Euskalgintzako Bilgunearen talde eragileak ilbeltzaren 31ko bilerara deitu ditu ibarreko euskaltzaleak eta euskalgintzako eragileak.

Euskalgintzako eragile eta euskaltzale sakandarrak larunbatean Etxarri Aranatzen egitekoa zen bilera batera deituak zeuden. Bierrik, AEK, EHE, udalgintzan ari direnak eta norbanakoak elkartu ziren. Sakanako euskalgintzaren diagnosia egin zuten eta hizkuntzaren normalizazioan eragileek elkarren berri izateko eta Sakanako ikuspegi orokorra izateko beharra nabarmendu zuten.

Horri konponbidea emateko Sakanako Euskalgintzaren Bilgunea sortzeko talde eragilea sortzea erabaki zuten. Ibarrean euskararen alde lanean ari diren beste erakundeekin, eragilerekin eta sakandarrekin harremanetan jarriko dira eta egitasmoaren berri emanen diete. Asmoa da ilbeltzaren 31n batzar zabal bat egitea.

Ardatzak
Larunbateko bileran egon zenetako bat Eneka Maiz izan zen. Berak azaldu digunez, bileran zeuden erakunde bakoitzak beren egoeraren eta dituzten erronken berri eman zuten, indargune eta arazoekin batera. Maizen esanetan, “agerian gelditu zen elkarren berri izateko asko falta zaigula eta saretu beharra dugula, lan osagarria egiten ari baikara euskalgintzako eragileek”. Diagnostiko orokorra egin zuten, ilbeltzerako jarraitu beharreko ildoen zehaztapena utziz.

Nabarmendu zen bestea: “Sakanan erritmo, intentsitate eta lanketa ezberdinetan ari gara azpi eskualdeetan eta lotura bat sortzea beharrezko jo genuen”. Maizek esan digunez, “arloz arlo errepasatuta, dauden eragileak eta egiten ari diren lana kontutan hartuz gero, euskalgintza Sakanan sendo dagoela ondorioztatu genuen. Baina eragileen arteko elkarlana eta ikuspegi orokorra falta dela agerian gelditu zen”. Sarea osatzearen premia nabarmendu zuten.

Maizek aurreratu digunez, Sakanako euskalgintzaren sare horrek bi elkargune lituzke. Bata, birtuala, “harremanetan egon, gutxienez informatzeko eta elkarren berri izateko. Eta edozein gauza sortzen dela, deialdia egiteko”. Eta fisikoa bestea: “egoki ikusi zen guztiak elkarrekin urtean bizpahiru alditan edo elkartzea; analisi orokor bat egiteko, eta zenbait ildori elkarrekin heltzeko”.

Larunbatean elkartu zirenek bilgune berriaren eta Sakanako Mankomunitatearen Euskara Batzordearen arteko bikoizketarik ez zuten ikusi, azken horren lan esparrua tokiko erakundeena dela argudiatuz. “Arlo instituzionala kontutan hartu beharko dugu, baina bilgune berriak gizarte eragileak eta herritarrak biltzeko da”. Horregatik, Maizek Sakanako euskaltzale eta euskalgintzako eragileei parte hartzeko deia luzatu die.