Etxarrik lider jarraitzen du eta Altsasuk garaipena lortu zuen

Guaixe 2014ko azaroaren 24a

Erregional maila. 12. jardunaldia: Etxarri Aranatz 4 – Universidad de Navarra 1 / Ultzama 1 – Altsasu 2

Erregional mailatik albiste onak etorri zaizkigu. Etxarri Aranatzek lider jarraitzen du, atzera ere sekulako garaipena lortu eta gero. Universidad de Navarrari 4-1 irabazi zion Etxarrik, partida bikainean. Partida hasi eta 5 minutura Mikelek Etxarri aurreratu zuen. Bi taldeek euren jokoa egiteko aukera izan zuten. Nahiz eta Universidad de Navarrak berdindu, atsedenaldira aldeko 2-1arekin joan ziren etxarriarrak, Aritzek sartutako golari esker. Bigarren zatian Etxarri nagusi izan zen, eta partida bukaeran Pablok eta Asierrek markagailuan 4-1a jarri zuten eta horrela despeditu zen partida.

Ultzamaren kontra Berriozarren jokatutako partidatik pozik itzuli ziren altsasuarrak. Partida oso lehiatua eta paretsua izan zen, eta bi taldeek dominatu zuten, tarteka. 35. minutuan Ismaelek Altsasuko lehen gola sartu zuen, eta 40. minutuan Davidek bigarrena. Ultzamakoak arbitroaren kontra azaldu ziren, lehen golean altsasuarren esku bat izan ote zelakoan eta bigarrenean jokoz kanpo zeudelakoan. Bigarren zatian Ultzama saiatu zen eta nahiz eta gol bat sartu, garaipena Altsasura etorri zen.

Etxarrik lidergoari eusten dio, 28 punturekin. 3 puntu ateratzen dizkio San Jorgeri. Altsasu 8. postura igo da, 18 punturekin. Asteburuan Mutilbera izango du arerio Etxarrik, eta Altsasuk Mendillorri hartuko du.