Imanol Arregi eta Javi Eseverri omendu zituzten Murtzian

Guaixe 2014ko azaroaren 24a

El Pozoko presidente Jose Antonio Bolarinek eman zien oroigarria Javi Eseverriri eta Imanol Arregiri.

El Pozok 7-0 irabazi zion Magna Nafarroa Xotari

Larunbatean Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako 11. jardunaldiko partida jokatu zuten El Pozo Murciak eta Magna Nafarroa Xotak Murtzian. Murtziako klubak 25 urte bete ditu eta urteurren berezia ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan, partida hasi baino lehen taldeak Magnako Javi Eseverri kapitaina eta Magnako entrenatzaile Imanol Arregi irurtzundarra omendu zituen, “Javi Eseverri kategoriako jokalari beteranoena delako, eta Imanol Arregi, El Pozoko Duda entrenatzailearen antzera, talde berbera entrenatzen urte mordoxka daramalako”. El Pozo Murciako Jose Antonio Bolarin presidenteak banatu zien oroigarria Eseverriri eta Arregiri, partida hasi baino lehen.

Partidari dagokionez, hasieran Magnak El Pozoren erasoei aurre egin zien, baina 9. Minutuan El Pozok gola sartzea lortu zuen eta hortik aurera taldea jaun eta jabe izan zen. Azkenean, 7-0 gailendu ziren murtziarrak. “3-0ra arte partida bat egon da eta hortik aurrera bestea. Lehen zatian partidaren barruan egon gara eta jokaldi argiak izan ditugu, baina ez dugu asmatu. Eta gol aukera horiek ez baditugu sartzen, ez duzu irabazten. Murciak hirugarren gola sartu duenetik behera egin dugu; min asko egin digu” adierazi zuen Imanol Arregik partida bukaeran.

Ostiralean Marfil aurkari partida erabakiorrean
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (29 puntu). Magna Nafarroa Xota 9.a da, 16 punturekin. Espainiako Koparako txapelketan parte hartzeko lehen 8 postutan sailkatu beharra dauka Magnak, eta, hortaz, guztiz erabakiorra da ostiralean Iruñeko Anaitasuna Pabilioian Marfil Santa Coloma taldearen kontra jokatuko duen partida, 20:30ean hasiko dena. Ea El Pozoren kontrako porrota ahaztu eta 8 punturekin sailkapenean 14.a den Marfil Santa Colomaren kontra garaipenaren bidean jartzen diren irurtzundarrak.