Ardura

Abian 2014ko aza. 28a, 06:00

Azken asteetan  arduraturik jarraitu dugu Altsasun eman den eztabaida garapen agentziaren inguruan. Urte hauetan lorturiko adostasuna ez ote zen apurtuko pentsatu izan dugu. Azkenean badirudi gauzak bere onera bueltatu direla eta garapen agentziak bere lana burutzeko behar duen dirua jasoko duela. Herri guztiek bere apurra jarriko dute horretarako zeren guztiontzako onuragarria da martxan jarri dugun ekimen hau.
Plenoan izandako eztabaida arretaz jarraitu dugu eta gutun honen bitartez, berriro ere, batzen gaituena azaldu nahi dugu. Ez dugu uste, hauteskunde kalkulu txikiengatik banatzen gaituena handitu behar dugunik. Hau da errealitatea, Sakanan, 1.564 langabetu daude, eta hauen egoerak ezinbestean gure lana eta esfortzu osoa exijitzen ditu. Hau izan behar du, eragile guztion lana zuzendu behar duen kalkulu bakarra. Berdin du alderdi politiko, eragile sozial edota administrazioa izan, Sakanaren gaur egungo egoera zera da 2009tik, langabetu kopurua ez dela hortik jaitsi.

Orain arte eginiko ibilbidea eredugarria izan da. Ezberdinen arteko elkarlanak lehenengo bailararen diagnostikoa ekarri zuen, ondoren plan estrategikoaren eratzea eta orain plan hori burutzeko behar ditugun lanabesak lortzeko bidean gaude. Denok batera, helburu berdinarekin. Orain Nafarroako parlamentuan dago pilota, eta badirudi alderdien oniritzia izan duela Sakanatik bidalitako proposamena. Badakigu herritarren parte-hartzerik gabe ez dagoela ezer aurrera eramaterik, eta eragile sozial garen heinean lan horretan murgilduko gara. Helburua argia da, gure bailaran lan eta bizitzeko eskubidea bermatua izatea bertako bizilagun guztientzat.