Euskarazko oparien ataria

Guaixe 2014ko azaroaren 27a

Euskarazko Produktuen Katalogoa 2014-2015 jaso dute azaroan barna ibarreko makina bat etxetan. Eguberriekin haur eta gazteei opariak egiteko ohitura zabaldua dago eta katalogo horren bidez euskarazko eskaintzaren berri eman nahi zaie gurasoei. Katalogoan 16 urte bitarteko haur eta gazteendako produktuak biltzen dira. Gaztetxoak aisialdiaz goza dezaten produktu bereziak, egokiak eta interesgarriak.

Katalogoan era askotako produktuak opatu daitezke: gurasoendako materialak, jostailuak eta jokoak, liburuak, komikiak, aldizkariak, informatika eta aplikazioak, DVD filmak eta liburuak. Merkatuan dauden makina bat produktu berriren eta kalitatezkoen erreferentzia jasotzen du katalogoak. Beraz, zer oparitu ez dakitenendako aparteko laguntza.

Kopuruak
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 0 eta 2 urte bitarteko umeak dauden etxeetara postaz bidali du katalogoaren ale bana. 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek ikastetxean jaso dute katalogoa. Eta, gainera, liburu-dendetan ere utzi dituzte. Guztira Mank-eko euskara zerbitzuak 3.400 ale banatu ditu ibarrean. Katalogoa Euskal Herriko beste euskara zerbitzuekin batera argitaratzen da eta egun hauetan 130.000 ale izan dira banatu direnak. Katalogoaren 17. edizioa da aurtengoa.

Sarean urte guztian
www.katalogoa.org web orrian paperezko bertsioan baino produktu gehiago aurkitu daitezke, erraz eta azkar bilatzeko moduan. Web orria maiz eguneratzen dute argitaletxeek berek eta urte guztian argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du. Gainera, web orrian bertan aukera ematen du atsegin den produkturen bat norbaiti aholkatzeko.