Morkotsen eta Jarturren liburua

Guaixe 2014ko aza. 27a, 19:48
Liburuxkak kutxan.

Guaixe astekarian argitaratutako zintak jasotzen dituen liburuxka argitaratu du Bierrik fundazioak

Guaixe-n 2012ko martxoaren 30era arte umore grafikoa landu zuten bi marrazkilarien lana jasotzen duen liburuxka argitaratu du Bierrik fundazioak. Bikotearen begiradak ibarreko egunerokotasunari gatza eta piperra jarri zion irudi bidez. Elkarrekin agurtu ziren Morkots eta Jartur eta elkarrekin bueltatu dira, liburuxka formatuan.

Bi ilustratzaile altsasuarrek erdibana partekatzen dute liburuxka. Bakoitzak bere azala du eta 76na orri. Haietan agertzen diren zinten bidez Sakanako gertuko historiari irudi bidezko errepasoa egiten diete bi sortzaileek. Zinta-liburuxka 10 eurotan eskuratu dezakete bazkideek, eta ez direnek 12tan. Bierrik fundazioaren bulegoan egin dezakete bazkideek erreserba (Foru plaza 23, 1. Altsasu; bierrik@guaixe.net edo 948 564 275 telefonoan). Bestela, Sakanako honako liburu-dendetan ere eskuratu daitezke zinta liburuak: Kaxeta eta Arroxa (Etxarri Aranatz) eta Arkatz eta Liburunda (Altsasu).

20. urteurrena
Bierrik fundazioak aurten 20 urte bete ditu. 1994an elkarte gisa sortu zen hilabetekari bat aurrera ateratzeko. Guaixe-ren aurreneko alea 1994ko abenduan banatu zen sakandarren artean. Ospatzeko komiki-zintza liburuxka argitaratzea erabaki du fundazioak. Bestalde, gaur, Guaixeko laguntzaile, kolaboratzaile eta lagun ugari familia topaketa egin eta Etxarri Aranatzen afaltzera elkartuko dira.