Zergatik .EUS?

Guaixe 2014ko abenduaren 2a

Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, bihartik aurrera, www.guaixe.eus izanen da gure webgunearen helbide berria.

Interneteko domeinua aldatuko du Guaixek asteazkenean. .EUS domeinua hartuko dugu guretako. Horrela, Guaixe Interneteko euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen parte bihurtuko da. .EUS domeinua horretarako sortu baita Interneteko euskararen komunitatea kohesionatzeko. Hizkuntzaren normalizazioan lagunduko du domeinuak. Aldi berean, Interneten euskara beste hizkuntzen mailan kokatuko du domeinu berriak, euskararen herriari nazioarteko aitortza eskainiz. Horregatik, .EUS.

.EUS domeinuaren aldeko mugimendua 2007an hasi zen. Garagarrilaren 28az geroztik 92 aitzindari dira .EUS “abizena” dutenak Interneten. Haiek dira oraingoz munduari adierazten diotenak badela komunitate bat euskaraz ari dena eta euskal kultura jorratzen duena. Bihartik nahi duen guztiak izanen du .EUS domeinua eskatzeko aukera, beti ere, PuntuEus fundazioaren irizpideak betetzen badira. Guztia behar bezala bideratzeko fundazioak protokoloa zehatza du.

Sei pauso
1. www.domeinuak.eus-en sartu.
2. Erabili nahi dugun domeinua eskuragarri dagoen egiaztatu.
3.  Erabilgarri badago, web orrian dauden erregistradore zerrendan bat aukeratu eta bere web orrira jo.
4. Erregistradore web orrian eskatutako datuak bete.
5. Erregistradorea fundazioarekin harremanetan jarriko da, domeinuak fundazioaren irizpideak betetzen dituen aztertzeko.
6. Irizpideak betez gero, fundazioak erregistradoreari web orria aktibatzeko eskatuko dio. Ordu batzuen ondoren ikusgai izanen da web orria.