Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak bi urtetik behin ematen ditu kirolari onenen sariak. Aurten 2013 eta 2014ko Sakanako kirolari onenen sariak banatuko dituzte, abenduaren 12an, 20:00etan, Arruazuko herriaren etxean eginen den ekitaldian. Epaimahaiak nahikoa lan izan du kirolari onenak nortzuk diren erabakitzerakoan, zorionez Sakanan puntako kirolari ugari daudelako. Azkenean, Joanes Bakaikoa, Maialen Aramendia, Aritz Munarriz, Sara Lizarraga, Javi Moren, Mari Gwen Davies, Sakanako Irristaketa Taldea eta Andra Mari ikastolako herri kirol taldea dira talde aukeratuak, eta Luis Martil eta Ricardo Lopez de Sabando aipamen bereziak. Zorionak guztiei.
Sakanako kirolari onenak-18 urte baino gutxiagoko mutilak: Joanes Bakaikoa (pilotaria, Etxarri Aranatz)
Jubenil mailan jokatzen duen etxarriarrak palmares polita lortu du dagoeneko. Besteak beste: 2014ko Nafarroako jubenil mailako buruz buruko txapelduna; 2014ko jubenil mailako Nafarroako Binakako txapeldunordea, Medinarekin; 2014ko Gazteen Espainiako Txapelketako eskuzko binakakoan urrezko domina, Sarasarekin; Altsasuko 45. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko txapeldunordea; Lodosako Torneoko txapeldunordea, Mariezkurrenarekin eta Javier Hernandez Memorialeko txapelduna; 2013an Guillermo Mazo Memoriala-Nafarroako Gazte mailako Lau T´erdia irabazi zuen eta asteazkenean, abenduaren 3an, 2014ko finala jokatuko du, Lasoren kontra.
-18 urte baino gutxiagoko neskak: Maialen Aramendia (txirrindularia, Iturmendi)
Txirrindularitzan jarraitu ahal izateko Burunda klubetik Gipuzkoako Caf Transport Engineering taldera egin du salto aurten Maialen Aramendia iturmendiarrak. 2014an emaitza ederrak lortu ditu, tartean: Nafarroako kadete mailako txapelduna da, Tafallan jokatutako lasterketan lehen nafarra izan ondoren. Bestalde, Nafarroako kadete mailako erlojupeko txapeldunordea izan zen Iturmendin. Horretaz gain, Jaenen jokatutako Espainiako kadeteen mailako Txirrindularitza Txapelketan hirugarrena izan zen, eta brontzezko domina jaso zuen. Pista txirrindularitzan ere ibili da, primerako emaitzekin: Galapagarren jokatutako Pistako Espainiako Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen 200 metroko abiadura proban eta 500 metroko abiadura proban.
-18 eta 35 urte arteko gizonak: Aritz Munarriz (mendi korrikalaria, Etxarri Aranatz)
Aritz Munarriz duela gutxi hasi zen mendi lasterketetan, eta epe motz honetan sekulako progresioa egin du. Makina bat lasterketetan parte hartu du. 2014ko emaitza batzuk aipatzearren, 14.a izan zen Zuzenien igoera bertikalean, (2,8 km), 21.a Sara Korrika Trailean (25 km), 28.a Berako maratoi erdian (21 km), 4.a Apuko Long Trailean (65 km), 164.a Zegama-Aizkorrin (42 km), 6.a 2KV Collaradan (17 km), 5.a Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean (5 km), 15.a Olatzagutia-Urbasan (23,2 km), 5.a Etxarriko mendira joan-etorrian (10 km), 10.a Anboko Km Bertikalean (3,8 km) eta 2.a Galdames igoeran (6,5 km).
-18 eta 35 urte arteko emakumeak: Sara Lizarraga (borroka librea, Arbizu)
Borroka librean eta borroka olinpikoan makina bat urte daramatza lanean Sara Lizarraga arbizuarrak. Egun Burlata Borroka Klubeko kidea da. Madrilen jokatutako 2014ko Espainiako Junior Mailako Borroka Olinpikoko Txapelketan Sara Lizarragak brontzezko domina kolkoratu zuen 51 kiloko junior mailan.
-35 urte baino gehiagoko gizona: Javi Moreno (korrikalaria, Altsasu)
Javi Moreno korrikalari altsasuarrak makina bat lasterketetan parte hartzen du eta palmares polita izatea lortu du. 2013an Sakanako Atletismo Kopako txapelduna izan zen, eta abenduaren 8ko Barricarte Memorialaren emaitzak kontuan hartu gabe, aurtengo kopako buru bera da oraingoz. 2014an emaitza politak izan ditu: Lodosako San Blaseko X. Krosa irabazi du, Zumaiako XXX. herri lasterketan lehena, Beasaingo herri lasterketan bigarrena, Portugaleteko Miliako txapelduna, Ziordiko Herri Krosean laugarrena, Aitzkozar krosan hirugarrena, Zornotzako Miliako txapelduna, Ergoienako Birako txapelduna, Sakanako Herri Lasterketan laugarrena eta abar.
-35 urte baino gehiagoko emakumea: Mari Gwen Davies (korrikalaria, Urdiain)
Mari Gwen Davies Sakanako Emakumeen Atletismo Eskolako partaidea da, eta azkenaldian lasterketa askotan parte hartzen du. Emaitza politak lortu ditu. 2013ko Aitzkozar lasterketan 3. sakandarra izan zen, eta 2013ko Barricarte Memorialean 2. sakandarra. 2014ko Ziordiko lasterketan hirugarrena sailkatu zen. 3.150 emakume lehiatu ziren Donostiako Lilatoian, eta Mari 43.a sailkatu zen.
-Kirol talderik onena: Sakana Irristaketa Taldea
Dituzten mugak gaindituz, besteak beste, pista baten beharra, Sakanako irristalariek maila bikaina ematen dute, urtero, parte hartzen duten txapelketetan. Juli Acebes entrenatzailearen begiradapean entrenatzen dute. 2014ko Nafarroako Pista Irristaketa Txapelketan, Anne Lapuentek 1.000 metro linea eta 2.000 puntuko probak irabazi zituen, eta Unai Villalobosek 500 metro sprinta eta 1.500 metro linea probak irabazi zituen. Sakana Irristaketa taldeko 8 irristalari sailkatu ziren Espainiako Pista Irristaketan lehiatzeko. Bestalde, Nafarroako Abiadura Txapelketan Anne Lapuentek urrezko 2 domina kolkoratu zituen 1.000 metrotan eta 2.000 metrotan eta Ander Villalobosek urrezko bi domina, 500 metro sprintean eta 3.000 puntuetan, eta brontzezkoa 1.500 metro linean. Sakanako 7 irristalari sailkatu ziren Espainiako Abiadura Txapelketarako. Espainiako Txapelketei dagokienez, Anne Lapuentek brontzezko domina lortu zuen Espainiako kimuen mailako 1.000 metro sprint proban.
-Euskara gehien bulkatu duen taldea: Andra Mari ikastolako herri kirol taldea
Entrenamenduak, txapelketetan, jardunaldietan, garraioa erabiltzean… euskaraz egiten dute beti Andra Mari ikastolako herri kirol taldekoek. Aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jolasetan lan ederra egin zuten Andra Marikoek, Iñigo Aritza ikastolakoekin batera. Kimuen proba konbinatua Iñigo Aritza A izan zen txapelduna eta Andra Mari txapeldunordea. Haurren mailako konbinatuan 3.a Andra Maritik sortutako Putterri sailkatu zen, eta kadeteetako konbinatuan Andra Mari txapeldunordea. Sokatiran, haurren mailako irabazlea Iñigo Aritza izan zen eta kadeteetako txapelduna Andra Mari. Eta Nafarroako Kadeteen Trontza Txapelketan Andra Mariko Xabier Basabe eta Adrian Joao txapeldunordeak izan ziren.
-Izendapen bereziak: Luis Martil (karatea, Irurtzun) eta Ricardo Lopez de Sabando (pilota, Altsasu)
Luis Martil karateka gerriko beltza da, 5.DAM mailan. Karate eskoletako irakaslea izan da urte luzez Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun eta Uharte Arakilen. 40 urte eman ditu klaseak ematen eta karatea sustatzen. Irurtzungo karate txapelketako antolatzailea da, eta bere ikasle izandako 6 karateka aritu izan dira Nafarroako Kadete selekzioan. Ricardo Lopez de Sabandok bizi guztia darama pilota sustatzeko lanetan. Olaztiko pilota eskolako arduraduna izan da urte askotan, eta Altsasun ere lan handia egina da. Iñigo Aritza ikastolan pilota eskolak ematen dizkie haurrei. Pilota eta herri kirolak bulkatzeko berak egindako lana, eskertzekoa.