Asteburuan Nafarroako Elikagai Bankuak urteko bigarren jaki bilketa handia burutu da. Sakanan bost herritan izan da elikagaiak emateko aukera: Irurtzunen, Uharte Arakilen, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Arbizun eta Etxarrin bilketa estreinakoz aurten egin den arren, jendearen erantzuna apartekoa izan dela azpimarratu du Nerea Navarro Etxarri Aranatz aldeko Gizarte Zerbitzuko hezitzaileak: “jendearen erantzuna uste zena baino askoz hobea izan da. Azaroan egin den bilketa hau maiatzean egin zena baino arrakastatsuagoa izan da. Jendearen elkartasuna eta borondatea primerakoa izan da”.
Nafarroako Elikagai Bankutik boluntario lanetan aritu diren guztiei beren esker ona adierazi nahi izan diete. Hauen arabera, boluntarioen lanari esker Nafarroan 36.000 pertsona baino gehiagok ahora zer eraman izanen dute. Bilketaren daturik ez dute oraindik plazaratu, baina adierazi dutenez, gosearen eta pobreziarekin amaitze aldera jendeak emandako laguntza “izugarria” izan da.