Gertutik, hurbiletik bizi ditugun esperientzia eta harremanek arrastoa uzten digute, harremanak globalak diren garaiotan oraindik ere gertutasunetik eragiteak badu indarra. Helburu handiak gertuko ekimen eta proposamenekin ere lantzen dira, eta hortaz aspaldi konturatu ginen herriz herri biltzen garen eragileak. Euskaltzaleok, antolatuta, gertutik gauzatu izan dugu euskaraz bizitzeko hautua beti: uneak sortuz, espazioak eraikiz, harreman sareak ehunduz.
Euskaldunok gaur, gure herrian, hautu bat egin behar dugu euskaraz bizi ahal izateko, eta hizkuntzaren normalizazio prozesuak luzeak direnez, luzaro elikatu behar izango dugu izaten jarraitzeko gogoa. Euskaltzaleok gainera, jakin dugu euskaraz bizitzeko hautu hori konpromisora eta ekimenera ere eramaten. Hargatik antolatu gara, hargatik sortu ditugu ikastetxeak eta hedabideak, euskaltegiak eta kulturguneak, aisialdi eta mintza-taldeak. Erantzukizunez eta konpromisoz jokatzen jakin dugu, ikasi dugulako, aspaldi dakigulako, ez dugula inoren zain egon behar; ez gaude inoren zain egoteko prest.
Euskaltzaleak ez gaude zain, ez diogu gure erantzukizunari muzin egingo, baina era berean, erabakiguneetan ari direnei ere ardura eskatzen diegu, herri honetan euskaraz bizitzea normalagoa izan dadin, denok eman behar baititugu urratsak. Ardura eskatzen dugu, gizartearen ekinak lege eta erakunde babesa ere behar dituelako, nahi dugulako eta justiziazkoa delako. Bakoitzak bere lekutik, bere arduratik, bere erantzukizunetik,… baina guztiok norabide berean eta ikuspegi estrategikoarekin. Hiztun komunitateak arnasguneak behar ditu, epe laburreko interes eta taktiketatik, alderdikerietatik urrun dauden espazio libreak behar ditu; horren alde ere jarraituko dugu lanean.
Aste honetan izan da Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3a, beste urte batez euskaldunok ospatzekorik ote dugun galdetzen dugun eguna. Eta guk baietz diogu, badugula zer ospatua, euskaraz bizi nahi duen herria garela eta bagarela ospatu nahi dugula. Baditugu ospatzeko mila motibo egunero, gaur ere; aurten euskaldunon komunitateak sarean tresna berri eta indartsua du agertzeko PuntuEus domeinuari esker; gainera, euskaltzaleen mugimendutik euskarazko toki hedabide berriak sortu dira aurten eta gero eta lagun gehiagorengana heltzen ari da euskarazko informazioa. Bi adibide, milaka arrazoi. Egunero, han-hemenka, jende askok egiten du euskaldun bizitzeko urrats praktikoak emateko hautua, eta hori ere ospatu nahi dugu.
Euskaraz biziko diren etxeak, kaleak, auzoak eta herriak nahi ditugu eta horregatik atera gara aurten ere plazara. Ospatzera atera gara, bai, baina baita aldarrikatzera ere. Euskaltzaleon auzotik, auzolanetik eta ekimenetik, euskararen herria eraikitzen jarraituko dugu.