Beste garaipen bat Etxarri liderrarendako eta Altsasurako

Guaixe 2014ko abenduaren 1a

Etxarrik lidergoa sendotzen jarraitzen du.

Erregional maila. 13. jardunaldia: Mutilbera 0 – Etxarri Aranatz 3 / Altsasu 2 – Mendillorri 1

Gauzak bikain jarraitzen dute erregional mailan. Etxarri liderrak sasoi bikainean jarraitzen du, lidergoa sendotzeko bidean, eta Mutilbera taldeari 0-3 irabazi zion partida izugarri lehiatuan. Etxarri garaipena lortzera atera zen hasieratik baina lehen zatian Mutilberak hartu zuen baloiaren jabetza, etxarriarren asmoak zapuztuz. Baina bigarren zatian Gentzak Etxarri aurreratu zuen, kontraeraso bikain bat probestuz. Nahiz eta Mutilberak partidaren kontrola hartu, Xabatek bi gol sartu zituen eta 3-0 irabazita itzuli ziren Mutiloabeititik etxarriarrak.

Altsasun pozik joan ziren etxera Dantzalekun bildu ziren zaleak, Altsasuk garaipen garrantzitsua lortu baitzuen Mendillorriren kontra (2-1). Lehen zatia bukatzear zegoela Javi Fernandezek Altsasu aurreratu zuen, baina bigarren zatian Mendillorrik berdintzea lortu zuen. Altsasu behin eta berriz saiatu zen eta partida bukatzear zegoela, 90. minutuan, garaipenaren gola sartu zuen Reparazek, 3 puntuak Altsasun geldituz.

Etxarrik jarraitzen du lider, 31 punturekin, 4 puntutara Arrotxapea dutela. Altsasu 7. Postura igo da, 21 punturekin. Abenduaren 13an Etxarriren eta Altsasuren arteko derbya jokatuko da San Donato zelaian.