Hasi baino lehen, mila esker, nire aurreko “Astekoa” irakurri eta animatu nauzuen lagun guztiei.
Gaurkoan, uda honetan buruan bueltaka izan dudan ideia komentatu nahi dut zuekin. Baliteke txorakeria iruditzea zuei, baina niretzat berezia izan da. Egun batean zera hasi nintzen pentsatzen: duela 100 urte Lakuntza herria guztiz desberdina zen gaurkoarekin alderatuta, batez ere, pertsonengan pentsatzen badugu. Hau da, orduko inor ez da orain bizi eta alderantziz, orain bizi garen inor ez geunden momentu hartan... Eta 100 urte ez da ezer, nire amari ez zaio hainbeste falta, adibidez.
Garai hartara begirada bat botatzea posible bagenu, ez genuke inor ezagutuko. Ziur aski asmatuko genuke, antzetara edo, zein etxetakoa zen bat baino gehiago, baina ez genuke ezagutuko. Ez dakit oso ondo nola azaldu pentsamendu honek ematen didan sentsazioa. Pertsona guztiak desberdinak, baina toki bera konpartituz: herria, inguruko mendiak, ibaia … Askotan basora joan eta zuhaitz baten kontra jartzen naizenean zera pentsatzen dut: “agian arbola honetan bertan noizbait nire aitona egon da, edo birraitona, atseden hartzen, ni nagoen bezalaxe…”
Eta noski, Sakana osoan berdin. Oraingo Sakana eta duela 100 urtetakoa guztiz desberdinak dira. Baina batez ere pertsona guztien aldaketa horrek ematen dit zirrara. Ez dakit, txorakeria agian, baina zerbait datorkit hortik oraindik argi ikusten ez dudana.