Nafarroako elezaharrarekiko harriak dokumentala sortu dute Pyrene ekoiztetxeak eta Nafarroako Museo Etnologikoak. Zabalkunde etnografikorako lan berri horretan harrizko zenbait osagai eraikitzeari lotutako herri kontakizunak jaso dira, asko historiaurrekoak, eta arkitektura horiei eta morfologia bitxia edo azalpen zaila duten eraketa naturalei lotutako pertsonaia mitikoak. Era berean, Nafarroan oraindik ere harriei lotuta egiten diren erritu batzuk azaltzen dira.
Kontakizunean Nafarroako geografia osoko hainbat lekutatik ibilbidea egiten du. Sakana ere agertzen da, esaterako: Aralarko santutegia, Ata iruinarria (Erroldanen harria) edota Urdiaingo Jentilen leihoa. Eugenio Monesmak idatzi du gidoia eta zuzendu du dokumentala, Susana Irigarairen laguntzaz. Joan den ostegunean Nafarroako Filmotekan ikusteko aukera izan zen.