Bizpairu urtez jarraian eskaera egina zion Arakilgo herritarrak Udalari: “kontribuzioaren kobrantza-jakinarazpena euskaraz jaso nahi dut”. Ez da erraza izango, “kontribuzioaren jakinarazpena Nafarroako Gobernutik jasotzen dugu eta erdaraz bakarrik bidaltzen digu” erantzun zion beste hainbestetan Udalak.
Duela aste batzuk, ordea, 2014ko kontribuzio-zergari dagokiona jaso zuen eta… aurten bai! Aurten euskaraz ere bazegoen!!! Halako poztasun bat eragin dio eta irribarre txikia marraztu zaio aurpegian herritarrari idatzia ireki duenean. Udalak bere nahia betetzeko ahalegina egin du eta esker ona sentitu du. “Nik betebeharrekin konplitu eta Udalak euskaraz bizitzeko nahia garantizatzeko urratsa eman”, gogoetatu du bere kolkorako.
A ze txikikeria! Pentsatuko du beharbada baten batek. Eta akaso ez zaio arrazoirik faltako. Baina… bizitza ez al dute era askotako pieza txikiek osatzen? Bizitzaren gazi-gozoa, bizipoza eta nahigabea, ez al dute eguneroko gertaera txikiek sentiarazten?
Gainera, ongi pentsatzen jarrita, igual ez da halako huskeria herritar honen ekinari esker Udalak ireki duen bidea. Izan ere, euskaraz bizi nahi duten gainontzeko Arakildarrek jakinarazpena euskaraz jasotzeko aukera izango dute aurrerantzean.
Bere alde egin duten pertsonez osatuta dago euskararen historia. Garai ilunenetan ere, amore eman beharrean duintasunez jokatu duten milaka pertsona anonimok ekarri dute euskara gaurko egoerara.
Ezintasuna handik, oztopoak hemendik, erasoa bestaldetik.... Zalantzarik gabe, egiatik badu dosi handi bat, baina pozgarria eta itxaropentsua da aldaketa txikiak eragin ditzakegula pentsatzea.
Saiatu amesten duzun moduan bizitzen, ilusioa eguneroko elikagai hartu eta euskaraz bizitzea bizipoz sortzaile bihurtu, argi eta garbi jakinda egiteak eta ez egiteak, biek dituztela ondorioak.