Biurdana, bi ikasturte barru gainezka

Guaixe 2014ko abenduaren 11

Hori gertatzeko arriskua dagoela gaztigatzeko Iruñeko Biurdana institutuko zuzendari Javier Perez Garcia eta ikasketaburu Asier Azpilikueta joan den asteko ostiralean Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordera joan ziren. Azaldu zutenez institutuak gero eta ikasle gehiago hartzen ditu. Hezkuntza Departamentuak espazio aldameneko beste institutu bat erabiliz moldatu du arazoa, baina 2016-2017 ikasturtean han ere tokirik ez dela izanen gaztigatu zuten Perezek eta Azpilikuetak.

Espazio faltagatik Batxilergoko ikasleak Donibanen ari dira. Gainera, gimnasioan ikastalde guztiendako tokirik ez dagoenez astean 23 saio Anaitasuna klubean egiten dira, departamentuak alokairua pagatuz. Ikastetxeko guraso elkarteak, baita hara ikasleak bidaltzen dituzten ikastetxeetako guraso elkarteak ere, tartean Irurtzungo Atakondoakoak, behin baino gehiagotan eskatu dute Iruñea iparraldean bigarren hezkuntzako ikastetxe berria egitea. Irurtzungo kasuan, gainera, ikasketa horiek herrian eskaintzeko eskaera ere egin izan da. Udalak eraikin berrirako lurra ere aurreikusia du.

Biurdana Institutuko zuzendaritza Parlamentu barruan zegoen bitartean Iruñeko Iparreko Institutu Batzordeko ordezkaritza batek kontzentrazioa egin zuten.