UEMA, lorpenak eta erronkak

Guaixe 2014ko abenduaren 11

Horien berri emanez Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) etxeetara berri-papera zabalduko du

Arbizuarrek eta etxarriarrek jasoko duten argitalpen horretan UEMAko lehendakari Maren Belastegik udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek daukaten “garrantzia” azpimarratu du. “Udalerri euskaldunei teorian onartzen zaien garrantzia praktikara eramateko unean gaude. Euskararen arnasguneek politika bereziak behar dituzte.” Eta horregatik, Belastegiren arabera UEMAk politika “ausartak” bultzatuko ditu.

Berri-paperean ere administrazioa euskalduntzen egindako ahalegina eta emandako aurrerapausoak jaso dituzte. UEMAko udal guztien diagnosia egin dute eta horren araberako sailkapena ere egin dute. Belastegik esan duenez, “UEMAko udalak oso maila onean daude euskararen erabilerari dagokionean.”

UEMAk kiden dituen udalak 2013ko diagnosiaren arabera lau mailetan sailkatu ditu. Arbizukoa eta Etxarri Aranazkoa gora bidean mailan daude, bigarrenean. UEMAk berak aitortu duenez, maila horretan dauden udalek “asko aurreratu dute, euskarari lehentasuna emateko hizkuntza politikaren baitan. Baina jauzi kualitatiboa eman behar dute tontorrean dauden herrien mailara iristeko”. Udal langileak euskaldunak izateko egindako aurrerapenak aitortu zaizkie. Aldi berean, bi udaletan euskara hutsez funtzionatzeko zailtasunak daudela aitortzen da: zabalkunde handiko euskarrietan, beste erakunde publikoekin edota enpresekin euskarazko harremanetarako arazoak.