Sakana hondakin organikoen balioztatzearen inguruko Europako proiektu bateko kide

Guaixe 2014ko abe. 19a, 08:02
Konpostari buruzko ikastaroan etxarriarrak konpostagailuari begira.

Ikerketa, prestakuntza eta lanpostuak sortzeko potentzialtasuna aztertuko dira.

Valorg proiektua aurrera eramateko Sakanako Mankomunitateak eta Europako Batzordeak akordioa azaro akaberan sinatu zuten. Europako Batasunaren prestakuntza bidezko lan sorkuntza markoaren barruan, Progress programan kokatuta dago Valorg proiektua. 18 hilabeteko iraupena izanen du programak eta hura garatzeko Mank-ek 180.000 euro jasoko ditu

Sakanarekin batera Frantziako, Belgikako, Eslovakiako eta Txipreko erakunde, enpresa eta unibertsitateek eramanen dute aurrera. Otsaila hasieran Estrasburgon elkartuko dira guztiak estreinakoz. Estatuko proposamena Mank-ek kudeatuko du eta bera buru duen klusterra sortu du Kerabi eta Vermican enpresekin eta Sakanako Garapen Agentziarekin batera. Proiektuaren buru Hondakin Zerbitzuko Olatz Garde Mazkiaran teknikaria da eta koordinazioaz Iker Manterola garapen agentea arduratuko da.

Klusterreko kide guztiak prestakuntza lanetan ariko dira; Kerabiko kideak hondakin organiko sortzaile handiekin eta gainerakoak konpostarekin. Bestalde, azterketa lanak
Sakanako Garapen Agentzia eta Mank arituko dira. Azken erakunde horren egitekoa izanen da txostenak erredaktatzea.

Egitekoak
Valorg programaren barruan lau jarduera eramanen dituzte aurrera. Batetik, ibarreko hondakin organiko sortzaile nagusiak identifikatuko dituzte eta kalitate oneko banaketa sustatu enpresa edota komertzio horietako langileei zuzendutako prestakuntzaren bidez. Bestetik, Valorg programaren bidez auzokonpost guneen jarraipena egiteko boluntario sarea sortu nahi da, horren truke prestakuntza eskainiz, maisu konpostatzaileak trebatuz.

Arbizuko hondakindegian konpost planta bat sortzeko aukerak aztertuko dira Valorg programaren bidez. Ibarreña sortutako hondakin organiko guztia han konpostatzea litzateke asmoa. Aldi berean, lanpostuak sortzeko ikuspegiarekin, konposta komerzializatzeko dauden aukerak aztertuko dituzte. Azkenik, Europako programa horren bidez hondakin organikoen kudeaketak Sakanan lanpostuak sortzeko duen potentziala aztertuko da.