Iruñerrian euskara hutsean emitituko duen Xaloa Telebistak emisorea eta bi errepikagailu erosteko 50.000 euro behar ditu. Diru horri lortzeko diru-bilketa kanpaina martxan jarri da. 40 egunetan lortu nahi da diru kopuru hori. Lau egun besterik ez dira falta epea bukatzeko. Dagoeneko eskatutako diruaren %69 lortu da, 34.990 euro. Edozein diru ekarpen egin daiteke, baina mugarri batzuk gainditzen dutenek saria jasoko dute.
Nafarroako euskalgintzak Xaloa Telebistaren proiektuari bultzada ematera deitu du, “euskara hutsezko programazioaren bidez euskal kulturari esparru zabal eta garrantzitsua irekiko diolako”. Elo eta Ezkaba mendietan errepikagailu bana jarrita seinalea Iruñerri guztira zabaldu nahi du Xaloak. Gainera, orain erosten den multiplex emisorea lizentzia banaketan bana eskuratu zuten Hamaika eta Abian telebistek erabiltzeko aukera izanen dute.
Diru bilketa kanpainak Topagunearen, Tokikomen eta Udalbiltzaren laguntza du. Erakunde horietako ordezkariek aitortu dute ez dela “erronka makala”. Horregatik deia egin diete: Euskal Herriko eta mundu osoko euskaltzaleei, bakoitzak ahal duen neurriko ekarpena egin dezan.
Diru ekarpenak non
Internet-en: Karena plataforman: http://karena.eu/proiektua/xaloa-telebista-irunerrian
Eskuz: Iruñeko Karrikiri Euskal Dendan (Xabier karrika 4) eta Katakrak Liburudendan (Kale Nagusia, 54) ditu. Norberak erabaki dezake zer preziotan erosi.
38. kanala
Xaloa Telebista kanal horretan hasi ditu emankizun probak Iruñerrian eta hilabete batzuen ondoren eskualde ondoko herrietara ere iritsiko da seinalea.