Kamara aurreko euskararen aldarrikapena

Guaixe 2014ko abenduaren 19a

Irurtzungo neska koadrila festen hasieran.

Igandean, 10:00etan Irurtzunen Euskarak 365 egun, noiznahi, nonahi, orain, hemen lip-dub-a grabatuko da.

Makina bat arakildar eta irurtzundar prest daude igandean kamararekin eta musikarekin duten hitzordurako: lip-dub-aren grabazioa. Kamera mugikor bat kalez kale ibiliko da eta haren aurrean jarriko dira parte-hartzaileak, dantzan eta abestia kantatzen. Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleon topaguneak antolatutako grabazioa, Euskarak 365 egun dinamikaren barruan. Lorena Arangoa, Itziar Matxain eta Xabier Unanua aritu dira hura prestatzen.

Matxainek azaldu digunez, “bi udalerrietan filmatzen denez, ezohiko lip-duba da, duela bi aste hasi ginen grabatzen”.  Arakilgo lau herritan egin zituzten grabazioak. “Abesti bakarra da eta haren pasarte batzuen grabatu genituen”. Izurdiagan herrikoekin batera erroztarrak eta urritzolarrak aritu ziren. Etxeberrin herrikoen aldamenean agertu ziren etxarrendarrak eta egiarretarrak. Ihabarren herriko bizilagunez aparte Satrustegikoak eta Zuhatzukoak zeuden. Hiriberri ere une batez plato bihurtu zen ere.

Traba bakarra aipatu digu Matxainek: “abenduan lip-dub bat egitea oso zaila da. Euriarekin ezin da egin grabazio datak aldatu behar izan ditugu”. Hala ere, “orain artekoak itxura ona du”, esan digu sortzaileak.

Azken puska
Iganderako grabazioaren zati handiena utzi dute. Irurtzungo kirol, kultur eta gizarte taldeetako kideekin batera arakildar eta irurtzundar ugarik ere parte hartuko dute grabazioan. “Behar bezala antolatzeko taldeekin aurretik hiruzpalau bilera egin ditugu eta bakoitzak badaki zer egin behar duen. Eta jende gehiago agertzen bada, kokatuko ditugu”.

Matxainek aitortu digu jende askorekin lan egitea zaila dela, baina bai haiek bai parte-hartzaileak animatuta daudela ziurtatu digu. Grabazioaren inguruan aurreratu digun bakarra da Irurtzun Telebistako (ITB) Lore eta Ibon izanen direla istorioa lotzen dutenak. Igandeko uzta abenduaren 29an, astelehenean, 18:30ean eta 19:00etan ikusteko aukera izanen da kultur etxean. Lip-dub-arekin batera ITBren saioen unerik onenak eta Gure Esku Dagoko irudiak emanen dituzte.