Artisauen lanak erosteko, zorri azoka

Guaixe 2014ko abenduaren 19a

Gabonetako erosketei begira, gaur, ostiralean, Altsasun zabalduko dute Zorri Azoka, 16:30ean eta igandean Etxarri Aranatzen, 10:00etan.

Zorri azoka edo azoka soziala hilero antolatzen da Etxarri Aranatzen, hileko lehen igandean. Helburua Sakanako eta gertuko artisauek eta nekazariek euren lana erakusteko eta saltzeko tokia izatea da. Gabonetako erosketei begira, Zorri azoka ostiralean Altsasura ekarriko dute –16:30etik 20:30era Gure Etxean– eta igandean Etxarri Aranatzera –10:00etatik 15:00etara pilotalekuan–.

Azokara hurbiltzen direnak bertako barazki ekologikoak, bertako artisautza, bertako produktuak, artea, musika eta beste opatuko ditu: bitxiak, motxilak, puntu eta gantxilloz egindako gauzak, eskuz egindako libretak, egurrean landutako altzariak, egurrezko jostailuak, barazkiak, pastak, ukenduak, produktu ekologikoak… Altsasun Gure Etxean egonen dira postuak ikusgai, gaur. Eta Etxarri Aranatzen, pilotalekuan, etzi. Etxarri Aranatzen 40 artisau inguru espero dira eta ohiko postuez gain, herri erakundeetako informazioa eta produktuak ere jarriko dira salgai eta 12:00etarako txokolatada antolatu dute. Bestalde, ilbeltzeko Etxarriko ohiko zorri azoka ilbeltzaren 4an izanen da, goizez, estalopean.