Goazen mendizaleak, Aralarrera…

Guaixe 2014ko abenduaren 20a

50. Mendigoizale Eguna ospatuko da igandean Aralarren

Gabonen aurreko igandean urtero errepikatu ohi denez, Aralarko Santutegiak igandean Mendigoizale Egun handia hartuko du. Mendizaleek oso gogoko dute zita hau, besteak beste hildako mendizaleak oroitu, mendi klubetako gainontzeko mendizaleekin elkartu eta egun polita pasatzen dutelako. 1964.ean urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Hortaz, aurtengoa mendizaleen festaren 50. edizioa izango da.

Mendizale gehienek oinez joko dute Aralarrera. Gehienek Uharte Arakilgo bidea aukeratuko dute, baina Sakanako Mendizaleak taldetik Lakuntzatik abiatzeko deia egin dute, eta egongo da Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik joko duenik. Behin Aralarren, hildako mendizaleen oroimenezko meza izanen da 10:45ean. Mendizaleek euren mendi materiala bedeinkatzeko aukera izango dute eta, jakina, Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera. Segidan hamaiketakoaren txanda izango da, trikitixa doinuekin girotutakoa, eta kanta eta dantzen tartea helduko da.

Urteurren borobila
Egun polita izaten da Mendigoizale Eguna, Nafarroako mendizale guztien bilgune, joandakoak oroitzeko eta aspaldiko mendizaleak ikusteko eguna. Gainera, urte bukaera ospatzeko modua ere bada. Nafarroako Mendi Federazioak herritar guztiei igandean Aralarren biltzeko gonbita egin die eta jende asko eta giro beroa espero da Aralarren.

Egitaraua
8:30ean: Aralarko San Migelera igoera, klub bakoitzak aukeratu duten bidetik abiatuta.
10:45ean: Meza Aralarko Santutegian.
11:30ean: Hamaiketakoa.
13:00etan: Festa bukaera.
* Trikitixa eta panderoaren doinuek festa girotuko dute.

Aralarren bi meza
Mikel Goiengeruaren Kofradiatik adierazi digutenez, Mendigoizaleen eguna dela eta bi elizkizun izanen dira igandean Aralarren. Mendigoizaleena 10:45ean izanen da, eta iganderoko ohiko meza, aldiz, 12:30ean. Bide batez, Kofradiak Eguberri eta Urte Berri on bat opa die Guaixeko irakurle guztiei.