Erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarrek bikain despedituko dute urtea. Etxarrik lider jarraitzen du, gutxinaka arerioei tartea atereaz, gainera. 37 puntu ditu Etxarrik eta 6 gutxiago Arrotxapea bigarrenak. Eta Altsasu 8. postura igo da (24 puntu).
Berriozarri 0-2 irabazi zion Etxarrik. Lehenengo zatian indartsu atera zen Berriozar, baina ez zuen Etxarriren atera arriskurik eramaten, eta gutxinaka Etxarri partidaren kontrola hartu zuen. Xabaten jokaldi on baten ondorioz Pablok lehenengoa egin zuen eta Sakanako taldeak izan zituen aukera pare bat gehiago markagailua haunditzeko baina 0-1 ekoarekin joan ziren aldagelatara. Bigarren zatian partidak berdin jarraitu zuen, Berriozar saiatzen zen baina ezin zuen Etxarriarrekin. Falta batean etorri zen Etxarriren bigarren gola, Xabatena.
Berriozarrek azkenean gora egin zuen eta Etxarrik aukera oso argiak izan zituen markagailua borobiltzeko baina ez ziren fin ibili. Berriozarrek 88. minutuan bota zuen lehen aldiz atera, beraz Etxarriren partidu borobila eta 2. sailkatua 6 puntura uzten du denboraldi hasiera hau borobilduz..
Bestalde, Dantzalekun jokatutako partidan Altsasuk 4-1 irabazi zion Lekunberriko Beti Kozkorri. Partida guztian barna eroso aritu ziren altsasuarrak eta hasieratik nagusitu ziren. Saezek eta Beramendik sartutako golekin aldeko 2-0arekin joan ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian jokoak berdin jarraitu zuen. Altsasuko Saezek, berriro, eta Xabi Lopezek 4-0 aurreratu zuten Altsasu eta partida despeditzeko 5 minuturen faltan 4-1 gerturatu zen Beti Kozkor. Baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak etxean gelditu ziren.
Gabonetako oporren ondoren, Etxarrik sailkapenean 9.a den Ardoi B hartuko du San Donato futbol zelaian eta sailkapenean 6.a den Huarte B izango du arerio Altsasuk Uharte Iruñean.