Euskal Herria bat da eta ez berrogeita hamaika. Esaldia erdaraz esango bagenu, eta gure herriaren izenaren ordez aldamenekoen aberriaren izena idatziko bagenu espainiar nazionalisten lelo ezagun bat lortuko genuke. Egizue aproba, Google Translate ireki eta idatzi albo batean esapidea eta ikusiko duzue.
Kontua da UPN eta PSNko buruzagien iritziz Espainiarentzat egokia dena, ez omen da egokia Euskal Herriarentzat. Euskal Herria ez da bat haien iritziz. Espainia, berriz, bai. Espainiako errepide sarean Nafarroari buruz informazioa ematen bada, hori egokia da. Ordea, Euskal Herriko errepide sarean Nafarroari buruz informazioa ematen bada, hori guztiz desegokia da eta betiko astapitoak hasten dira kexaka eta helegiteak egiten, beste lan hoberik izan gabe.
Jendea etxetik botatzea ez al da larriagoa Euskal Telebistan agertzen den mapa bat baino? Ez al da larriagorik dirua eskukadaka lapurtzea errepide ondoko kartel bat jartzea baino?
Probintziako Diputazioak, oso irizpide eta kriterio onarekin, trafiko seinale eder bat jarri du AP-15ean handik pasatzen diren bidaiariek 'Euskal Herria-Basque Country' izeneko aberrian daudela jakin dezaten, eta, bide batez, Leitzako Plazaola tren zaharraren ibilbidea, Aralar eta Iruñeko Ziudadela edo Gotorlekua non dauden edo haietara nondik joan daitekeen ezagut dezaten. Izan ere, guztiz zilegi da Leitza, Aralar eta Iruñea Euskal Herriko zati baitira. Hori ukatzen duen arnegariak bere fedea aldarrikatzeko eskubidea du, honela barregarri gelditu eta bere ezjakintasun gorena agerian uzten duen arren. Baina hori ukatzen ez duenak, benetan Euskal Herriari behingoz begirunea eta duintasuna zor zaizkiola uste duenak ere badu eskubidea berea aldarrikatzeko, eta gainera honela ezjakinei bere astotasunetik ateratzen laguntzen die.
Olentzero etorri da. Asto baten gainean astoak hezteko asmoz. Astoak asto diren arren, mailastoak ez bezala. Gure artean dago, pipa hortzean duela. Gauean gure neska-mutilak etorriko dira gaztainak zimelak jatera. Denok ongi etorriak izango dira, denok egongo gara etxean. Trafiko seinale egokiei esker ez gara galduko. Bidea aurkituko dugu. Olentzerok Basque Countryko seinalea dakarkigu opari. Euskal Herria bat egina, ez zazpi, sei, bost, hiru edo bi zatitan banatuta. UPN eta PSNri ez bazaie gustatzen bejondeiela, gaueko argizaiolaren argitan Guaixeren orri horiak irakurriko ditugu berdin-berdin, turroia jaten dugun bitartean eta, santuak bagina bezala, gabon kantak abesten euskaraz. Gu euskaldunak garelako, Euskal Herrikoak. Laralala la la. Gabon pasa!!