Binakakoa. 2. jardunaldia
Olaizola II.a-Beroiz / Retegi Bi-Rezusta (Ostegunean, 17:00tan, Eibarren. ETB1)
Ezkurdia-Zabaleta / Artola-Albisu (Ostiralean, 17:00etan, Tolosan. ETB1)
Irujo-Barriola / Berasaluze II.a-Zubieta (Larunbatean, 17:30ean, Bilbon. LaSexta)
Xala-Merino II.a / Oinatz-Aretxabaleta (Igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1)
Hasi da Binakako Pilota Txapelketa. Lehen txanpa honetan 8 bikoteak elkarren kontra ariko dira, bitan, eta asteburuan lehen jardunaldia jokatu zen. Eta sorpresekin, gainera. Maila handiko partidak izan dira guztiak, markagailua estu izan dutenak. Berasaluze II.ak eta Aitor Zubietak sorpresa eman zuten eta 22-20 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Beroizi, eta gauza berbera gertatu zen igandean Eibarren. Ezkurdiak eta Zabaletak 22-19 hartu zituzten menpean egungo txapeldun Irujo-Barriola.
Zubietaren debut ederra
Larunbatean lehen puntua lortu zuten Berasaluze II.ak eta Binakakoan Asegarcerekin ariko den Aitor Zubieta etxarriarrak. Sorpresa emanez, Olaizola eta Mikel Beroizi 22-20 irabazi zieten, partida gogor eta ikusgarrian. Garaipen aipagarria da Zubietarendako, Asegarcerekin debutatzen baitzuen. Normalean Berasaluzerekin ez du jokatzen etxarriarrak eta hori asko nabaritzen da. Lau pilotariak ordu eta erdi pasatxo aritu ziren gogor lanean, zaleengan zoramena sortu zuen partidan. Hasieran Berasaluze II.a eta Zubieta ibili ziren hobe, baina Olaizola eta Beroiz gerturatu eta gailendu zitzaien ondoren. Azken txanpan, aldiz, bi bikoak parez pare aritu ziren. 20ra berdindu ondoren, aldiz, Berasaluze finago ibili zen eta garaipena lortu zuten. Atzeko koadroetan sekulako maila eman zuten Aitor Zubietak eta Beroizek. Nahiz eta Zubietak gehiago huts egin, sekulako indarrarekin mugitu zuen pilota eta alde batetik bestera mugitu zuen Beroiz. Bestalde, aurrean lehia ederra izan zuten aurrelariek, zaleak biziki eskertu zutena. “Oso partida gogorra izan da, hasieratik desgaste handikoa. Partida erdialdera arte ez naiz eroso ibili, urduri nengoen, aste berezia izan baita. Baina izerditzen hasita hobeto ikusi dut nire burua. Edozeinek irabazi ahal zuen baina Pablo eta ni izan gara eta pozik” azaldu zuen etxarriarrak.
Ezkurdia-Zabaletak itxura bikaina
Parez parekoa izan zen Ezkurdia-Zabaletaren eta Irujo-Barriolaren parteko partida. Aurreko urtean ere elkarrekin aritu ziren bi bikoak, baina aurten gauzak ezberdinak izango direla aurreikusten da. Aurreko urtean Ezkurdia-Zabaletari izugarri kosta zitzaien txapelketan sartzea. 6 jardunaldiren ondoren lortu zuten euren lehen garaipena eta ez zuten aurreikusitako maila eman. Baina aurten urte bat gehiagoko esperientzia dute eta hasiera bikaina eman diote txapelketari, aurreko urteko txapeldunak menpean hartu baitituzte (22-19).
Partida gogorrean, berdinketa berdinketaren atzetik etorri zen. Batzuk aurreratu, besteak berdindu. Besteak aurreratu, haiek gerturatu. Egia esan, edonork irabazi zezakeen partida entretenigarria izan zen Astelenan jokatutakoa, bi tantotik gorako aldea ez baitzuen inork lortu. Baina kontrako 18-16ko markagailuari buelta eman zioten sakandarrek. Sufritzen jakin zuten, egoerari buelta ematen, eta Barriola estutzen saiatu ziren etengabe. Leitzarrak erantzun zuen, baina bukaeran indarrak huts egin zion Barriolari eta berak eta Irujok egindako akatsengatik, eta sakandarren ahalegin bikainarengatik, 22-19 irabazi zuten arbizuarrak eta etxarrendarrak.
Hurrena
Gabonetako aste honetan pilotariek 2. jardunaldiari ekingo diote. Ezkurdia-Zabaletak Artola-Albisu izanen dituzte aurkari ostiralean eta Berasaluze II.a-Zubietak Irujo-Barriola. Ea garaipenek segida duten.