Ilbeltza
-2014-01-03. Zubieta lesionatuta. Binakako txapelketako hasierako ligaxkako 2. Jardunaldian, Xalarekin batera Berasaluze eta Albisuri 21-22 irabazi eta gero, lesionatu zen Aitor Zubieta. Ceciliok ordezkatu zuen eta 22-13 gailendu ziren Ezkurdia-Zabaletaren aurrean.
-2014-01-05 eta 2014-01-06. Urteari ongi etorria mendian. Ilbeltzaren 5ean Altsasuko Mendigoizaleak Bargagainen bildu ziren, eta errege egunean Sakanako mendizaleak Beriainen, urteari ongi etorria egiteko.
-2014-01-08. Xota diru-laguntza jaso gabe. Magna Nafarroa Xotako presidente Tatono Arregik salatu zuen Iruñeko Udalak 2013 denboraldirako onartutako 40.000 euroak jasotzeko zain zeudela oraindik. “Administrazioek argi esan behar dute klub bakoitzak zenbat jaso behar duen eta noiz” esan zuen Tatonok.
-2014-01-08. Egoi Martinezek txirrindularitzari agur. Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpenaren ondoren beste talderen bat ez zuenez aurkitu, txirrindularitza uztea erabaki zuen etxarriarrak.
-2014-01-12. Mattin Ezkurdia txapeldun. Mattin Ezkurdia arbizuarrak Suministros Monjardin lau t´erdiko pilota txapelketa irabazi zuen Lansaloti 18-3 irabazi ondoren.
-2014-01-13. Rural Kutxaren lehen garaipena Gabonen. Luis Leon Sanchezek denboraldiko lehen garaipena eman zion Rural Kutxa-Seguros RGA talde kontinentalari Gabonen.
-2014-01-11. Vuelta Aralarko santutegira. Espainiako Vueltako antolakuntzak ofizialki jakinarazi zuen Espainiako Vueltako irailaren 3ko etapa Iruñean hasi eta Aralarko San Migel santutegian despedituko dela, igoera Uharte Arakilgoko pistatik egin eta gero.
-2014-01-15. Pruden Indurainen azalpenak Kirol Mankomunitateek diru-laguntzen faltaren inguruan. Nafarroako 6 Kirol Mankomunitateek, tartean Sakanakoak, salatu zuten ez dutela Nafarroako Gobernuko diru-laguntzarik jaso. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Pruden Indurainek azaldu zuen institutuak “beste lehentasun batzuk dituela”.
-2014-01-18. Sakanako Pilota Txapelketako finalak. 60 bikote lehiatu ziren Sakanako Pilota Txapelketan. Kategoria txikietatik nagusietara, 11 final jokatu ziren, Arbizun eta Lakuntzan. Nagusietan Irurtzuneko Ijurrak eta Arrutik 22-15 irabazi zieten Aldabideko Murgiondori eta Agirreri.
-2014-01-19. Imaz Zangozako lau ´erdiko txapelduna. Zangozako lau t´erdiko txapelketako finalean Aldabideko Imazek 18-12 irabazi zion Aurrerako Goikoetxeari.
-2014-01-21. Imanol Erbiti lanera. 2014 denboraldiari hasiera eman zion Imanol Erbiti txirrindulari ihabardarrak (Movistar Team) Australiako Down Underren.
-2014-01-24.Ezkurdia-Zabaletaren lehen garaipena. Binakakoan lehen garaipena lortu zuten Ezkurdiak eta Zabaletak, Xala eta Zubietari 22-6 irabazi eta gero.
-2014-01-25. Pablo Urtasun Txilen. PinoRoad talde berriarekin kontzentrazioa izan zuen Urtasunek Txilen.
-2014-01-26. 28 korrikalari sakandar Idiazabalen. 645 korrikalari aritu ziren Beñat Arnaiz (33:47) eta Cristina Loeda (38:26) gailendu ziren Idiazabalgo herri krosean. Francisco Javier Gomez altsasuarra 25.a izan zen (36:39).
-2014-01-30. Rural Kutxa-Seguros RGA taldearen aurkezpena Baluarten-Odei Juango lakuntzarra amateurrean. Sakanatik sortutako talde kontinentalaren helburuak “probetan presentzia izatea eta Espainiako Vueltan egotea” direla adierazi zuten arduradunek. Bestalde, Rural Kutxa talde amateurrean Odei Juango lakuntzarra ariko da.
Otsaila
-2014-02-01. Altsasuko Mendigoizaleen egutegiaren aurkezpena. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak 2014ko egutegia aurkeztu zuen eta 2013ko irteeren proiekzioa eskaini zuen Iortian.
-2014-02-01. Etxarri eta Altsasuren partidak bertan behera. Elurragatik bertan behera geratu ziren Altsasu-Beti Kozkor eta Etxarri Aranatz-Lagunak partidak.
-2014-02-01. Javi Moreno garaile Lodosan. Lodosako X. San Blas krosa (4 km) irabazi zuen Javi Moreno altsasuarrak. Kadeteetan Oihan Perez gailendu zen.
-2014-02-08. 200 taekwondolari Altsasun. Nafarroako Kirol Jolasen taekwondoko lehen fasea hartu zuen Zelandik. Altsasuko Bargagain kluba junior mailako gizonezkoen pisu astuna kategorian garaile izan zen, eta baita haurren mailako pisu arina kategorian.
-2014-02-11. Alex Mariñelarenaren lehen entrenamendua. Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak Tech3 eskuderia frantziarrarekin Mundiala prestatzeko lehen entrenamendua egin zuen Jerezen, Mistral 610 motorrarekin.
-2014-02-12. 2013ko Sakanako Atletismo Kopako sari ematea. Lasa Kirolak dendak banatu zituen Kopako sariak. Gizonezkoetan Javi Morenok jaso zuen kopa, Felix Benjumearen eta Juantxo Arregiren aurretik, eta emakumezkoetan Erkuden San Martinek, Jone Pelaezen eta Ixa San Martinen aurretik.
-2014-02-14. Etxarriko rokodromoa martxan. Etxarri Aranazko eskalatzaile batzuk sustatuta, martxan dago Etxarriko rokodromoa, medikuaren etxea zeneko eraikinean.
-2014-02-15. Javi Moreno txapeldun Zumaian. Zumaiako 30. Herri lasterketako proba motza (5,6 km) irabazi zuen Javi Moreno altsasuarrak (18:23)
-2014-02-15. Sakana Irristaketa Kluba lehiaketetan. Sakana Irristaketa Klubak abiadurako irristaketa txapelketen denboraldia hasi zuen.
-2014-02-17. PinoRoad txirrindularitza taldea kolokan. Pablo Urtasunen PinoRoad kategoria kontinentaleko txirrindulari taldeak arazo larriak zituela iragarri zuen. Taldeko manager Juan Pablo Pino desagertu zen, ustezko iruzurrarengatik eta agiri-faltsutzeagatik eta laguntza ekonomikorik ezean, taldea desagertuko zela azaldu zuten.
-2014-02-23. Marcos Beraza lehen juniorra Andosillako I. Cross Countryan. Cross Countryko denboraldia primeran mustu zuen pilotu irintarrak, lehen juniorra izan baitzen Andosillan.
-2014-02-26. Hodei Mazkiaran Caliko Munduko Pista Txapelketan. Pistard altsasuarra 9.a izan zen taldekako abiadura proban eta 11.a kilometroko proban.
-2014-02-26. Mendi Ibilbideen Sarea, kolokan. Nafarroako Mendi Federazioak salatu zuen Nafarroako Gobernuak 2 urte zeramatzala mendi ibilbideen sarea mantentzeko diru-laguntzarik eman gabe eta Federazioak ezin zituela gastu horiek bere gain denbora luzeagoan hartu.
-2014-02-27. Alex Mariñelarenaren istripu larria. Alex Mariñelarenak istripu larria izan zuen Frantziako Paul Ricard Zirkuituan, Mundiala prestatzeko entrenamendu pribatua egiten ari zela. Medikuek koma-induzituan jartzea erabaki zuten.
Martxoa
-2014-03-01. Yanira Aristorena Nafarroako txapeldunordea. Nafarroako Trinkete Txapelketako emakumezkoen paleta goma finalean, Judith Etxarrik eta Rebeka Kontinek 30-22 irabazi zieten Aristorenari eta Haizea Zamorari.
-2014-03-02. Sara Lizarragak brontzezko domina borrokan. Espainiako Junior Mailako Borroka Olinpikoko txapelketan arbizuarra hirugarrena sailkatu zen 51 kiloko emakumezkoen junior mailan.
-2014-03-02. June Kintana Espainiako txapeldunordea. Espainiako Atletismo Txapelketetako Jaurtiketa Luzeen Neguko Txapelketan, emakumezkoen disko jaurtiketan zilarrezko domina lortu zuen bakaikuarrak (47,82 m).
-2014-03-05. Alex Mariñelarena komatik atera zen. Frantziako istripu larriaren ondotik ia aste bat eman zuen pilotu irurtzundarrak koman.
-2014-03-08. Gure Pilotako palistak txapeldunak. Nafar Kirol Jolasen emakumezkoen paleta gomako final guztietan Etxarriko palistak aritu ziren eta 4 finaletatik hirutan gailendu ziren.
-2014-03-08. Aralar Txirrindularitza Taldearen aurkezpena Uharte Arakilen. 32 txirrindulari trebatu dira taldean.
-2014-03-09. Emakume sakandar ugari Lilatoian. 3.150 emakumek hartu zuten parte emakumezkoen Donostiako Lilatoian. Tartean 15 sakandar.
-2014-03-09. Marcos Beraza lehen juniorra Zallan. Enduro proban lehen juniorra izan zen irintarra.
-2014-03-11. Pablo Urtasun talderik gabe. PinoRoad taldeak ez zuen babes ekonomikorik lortu eta taldea desagertu zen.
-2014-03-13. Magna Espainiako Kopatik kanpo. Irurtzungo taldea final laurdenetan erori zen, polemika handia tarteko, Inter Movistarren kontra 3-1 galdu eta gero.
-2014-03-14. Ezkurdia-Zabaleta Binakakotik kanpo. Pilotari sakandarrak finalerdietara pasatzeko aukerarik gabe gelditu ziren.
-2014-03-15. Sakana Triatloi taldearen aurkezpena. Zelandin egin zen. Aurten 40 lizentzia inguru egin dira.
-2014-03-15. Zizurko lau t´erdia Mattin Ezkurdiarendako. Arbizuarrak 18-10 irabazi zion Iñaki Eskuderori final handian.
-2014-03-16. Odei Juango 3. nafar onena. Obanosen jokatutako Nafarroako Txapelketan, lakuntzarra 23 urtez azpiko 3. nafar onena izan zen.
-2014-03-16. Lilasterketa arrakastatsua. 122 emakumek hartu zuten parte Altsasun antolatu zen lasterketa ez lehiakorrean.
-2014-03-20. Sakanako Aizkora Eskola, abian. Beste behin, 15 pertsonendako tokia bete egin zen.
-2014-03-21. Arbizu Futsal Sakana Areto Futbol Txapelketako txapelduna. Final handian Racing San Migelekin launa berdindu eta gero, penaltyetan suertatu zen garaile.
-2014-03-22. Daniel Lopezek lehen garaipena eman dio Rural Kutxari. Laukizeko lasterketa irabazi zuen. Martxoaren 30ean Arnau Solerrek Gorlako Igoera irabazi zuen.
-2014-03-22.Igor Flores lehen sakandarra Altsasuko eta Arbizuko duatloietan. Altsasuko proban 16.a izan zen eta martxoaren 29an jokatutako Arbizukoan 12.a.
-2014-03-22.Nafarroako Herri Kirol Jolasak Etxarrin. Txapelketako 2. Jardunaldia hartu zuen Etxarrik. Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako kideak aritu ziren.
-2014-03-22. Olatz Azazeta Espainiako Duatloiko txapelduna. Espainiako Taldekako eta Erreleboen Erlojupeko Duatloi Txapelketan, Azazetaren Saltoki-Kideko neskak kadeteen proba irabazi zuten.
-2014-03-22. Etxarri jubenilen mailako txapelduna. Etxarrik futboleko gazteen 2. mailako liga irabazi eta igoera faserako sailkatu zen.
-2014-03-23. Arrieta-Peñas txapeldunordeak. Espainiako Kluben Arteko Txapelketako eskuz binakako finalean Yoldik eta Linzoainek 10-3 eta 10-7 irabazi zieten.
-2014-03-23. Burunda Txirrindularitza Taldearen aurkezpena Iortian. 38 txirrindulari dira taldeko kide. Ekitaldian omenaldia egin zitzaien Maialen Aramendiari eta Jorge Azanzari.
-2014-03-23. Pablo Villarren Telco´m taldearen aurkezpena. Aralar Taldetik afizionatuen Telco´m taldera egin du salto hiriberriarrak.
-2014-03-27. Dani Saldise Espainiako selekzioan. Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin debutatu zuen irurtzundarrak, Italiaren kontrako bi partidak irabaziz.
-2014-03-29. Raul Amatriain eta Maider Gaztañaga azkarrenak 18. Arbizuko Duatloian. 250 duatleta aritu ziren. Igor Flores, lehen sakandarra (12.a).
-2014-03-30. Xala-Zubieta Binakako finalerdietan. Finalerdietako lehen jardunaldian 22-13 irabazi zieten Urrutikoetxea-Beroizi.
-2014-03-30. Gorlako Igoera Rural Kutxako Arnau Solerrendako. Kataluniarrak bigarren garaipena eman zion Rural Kutxari.
-2014-03-30. Jose Luis Beraza 12.a Orion eta Aritz Munarriz 21.a Sara Korrikan. Aipatu mendi lasterketetan lan ikusgarria egin zuten sakandarrek.