Binakako 5. jardunaldia
Irujo-Cecilio (Barriolaren ordez) – Artola-Albisu (ostiralean Atanon. ETB1)
Olaizola II.a-Beroiz / Oinatz-Aretxabaleta (larunbatean Labriten)
Berasaluze II.a-Zubieta / Xala-Merino II.a (igandean Mungian. ETB1)
Retegi Bi-Rezusta / Ezkurdia-Zabaleta (astelehenean Tolosan)
Sailkapena
1.Ezkurdia-Zabaleta (4 p.)
2.Oinatz-Aretxabaleta (3 p.)
3.Artola-Albisu (2 p.)
4.Irujo-Barriola (2 p.)
5.Retegi Bi-Rezusta (2 p.)
6.Berasaluze II.a-Zubieta (2 p.)
7.Xala-Merino II.a (1 p.)
7.Olaizola II.a-Beroiz (0 p.)
Aurreko urtekoa esperientziatzat hartu eta aurten lan hobeagoa egiteko asmoa zuten Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Binakakoa hasi baino lehen. Eta betetzen ari dira, nola gainera. Aurreko urtean 6 jardunaldi pasa behar izan ziren euren lehen garaipena lortzeko, eta aurten hasieratik irabazten hasi zen biko sakandarra. Momentuz jokatutako lau partidak irabazi dituzte, nagusitasunez, eta Binakako txapelketaren buruan daude, hautagai sendoak direla erakutsiz. Beraiek dira lau partidak irabazi dituen biko bakarra. Bestalde, Aitor Zubieta eta berarekin bikotea osatzen duen Berasaluze ongi hasi ziren, irabaziz, baina ordutik denetatik egin dute eta egun jokatutako lau partidetatik bi irabazi dituzte. Txapelketa ez da hasi besterik egin eta edozer gerta daiteke, inoiz baino irekiago baitago!
Larunbatean Etxebarriko frontoia goitik behera bete zen Ezkurdia-Zabaleta eta Berasaluze-Zubieta bikoen arteko lehia jarraitzeko. Hasieran Berasaluze eta Zubieta ibili ziren finago. Asegarcekoak 4-9 aurreratu ziren eta Pablito Berasaluze bikain zegoen aurrealdean. Baina Ezkurdiak eta Zabaletak ez zuten amore eman, pazientzia izaten jakin zuten eta egoerari buelta eman zioten. Lehenik eta behin berdintzea lortu zuten eta gero euren gainetik pasa ziren. Gainera, partida erdialdetik aurrera Berasaluzek behera egin zuen eta akats ugari egin zituen erremateetan. Aldiz, Ezkurdiak eta Zabaletak gora egin zuten. Ezkurdiak, bere bolea indartsuari esker, Berasaluze frontisetik aldendu zuen, eta Zabaletak gogor astindu zuen pilota. Bukaeran, 22-15 gailendu ziren sakandarrak.
Ezkurdia eta Zabaleta, pozik
Kontentu daude Zabaleta eta Ezkurdia. “Hasieran urduri aritu gara, baina etxeko lanak ongi eginak ekarri ditugu, eurek akats asko egin dituzte, ez da euren egun onena izan, eta irabaztea lortu dugu” adierazi zuen Ezkurdiak. Oraindik partida asko geratzen direnez, “partidaz partida” joan behar dutela argi dute sakandarrek. “Taldea egiten ari direla” hori da euren emaitzen onen gakoa. “Bikotea egiten jarraitu behar dugu. Nik pilota txarrak hartzen eta onak uzten. Frontoia ongi estaltzen ari gara, eta defentsan eta erasoan asko hobetu dugu. Zabaletak ezkerra ongi babesten du, eta nik zabalera. Gainera, Zabaletak izugarri jotzen du. Bikotea egiten jarraitu behar dugu, izugarri nabaritzen delako. Gainera, biak konfiantzarekin gaudenean, gauzak hobeto ateratzen dira. Eta horrela segitzen saiatuko gara” adierazi du Ezkurdiak. Arbizuarrak gaineratu duenez, biak oso pozik daude. “Horrela hastea firmatuko genuke hasieran! Baina oraindik asko gelditzen da eta partidaz partida joan behar dugu, txapelketa luzea delako”.
Zubieta, sentsazio onekin
Partida bukaeran Aitor Zubietak onartu zuen partida edonork irabazi ahal zuela, baina beraren eta Berasaluzeren akatsek partida galtzera eraman zituztela. “Akatsak egin ditugu, ez dugu tantoa bukatzen jakin eta horrek mina egin digu. Baina ez zaio buelta gehiagorik eman behar. Joko ona egiten ari gara eta gauzak aterako dira. Finean, boladak izaten dira eta gauzak ongi egiten jarraitzen badugu, irabazi dezakegu” azaldu zuen Etxarriko atzelariak.
Larunbatean Xala eta Merino II.a izango dituzte arerio Berasaluzek eta Zubietak. Aldiz, Retegi Bi eta Rezustaren kontra ariko dira Ezkurdia-Zabaleta.