Urtea primeran hasi dute erregional mailan dabiltzan talde sakandarrak. Etxarrik lider sendoa dela erakutsi zuen atzera ere, 5-1 hartu baitzuen menpe Zizurko Ardoi. Hasieran gol aukera ugari izan zituzten bi taldeek, eta Ardoi aurreratu zen 20. minutuan. Baina behera egin ordez kontrako golak indar gehiago eman zion Etxarriri eta markagailua guztiz irauli zuen liderrak; atsedenaldirako 2-1 aurreratu ziren etxarriarrak, Mikelek sartutako bi golei esker. Bigarren zatian jokaldi bikain baten ondoren hirugarren gola sartu zuen Etxarrik, atzera ere Mikelek sartu zuena, hat-tricka lortuz. Hortik aurrera defentsan eta kontraerasoan aritu zen liderra. Partida bukaeran beste bi gol sartzeko beta izan zuen Etxarrik, Ruedari eta Luisi esker. Bukaeran, 5-1 gailendu zen liderra.
Bestalde, Uharte Iruñean jokatutako lehian 1-2 gailendu zen Altsasu. Altsasuren aldeko penalti bat seinaleztatu zuen arbitroak, eta hortik aurrera dominatzera pasa zen Altsasu. Atsedenaldirako 0-2 aurreratu ziren sakandarrak, Dariok eta Darwinek sartutako golei esker. Bigarren zatian Uharte Iruñeak distantziak murriztea lortu zuen 75. minutuan Orradrek sartutako golari esker, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3 punturekin etorri ziren etxera altsasuarrak. Arbitroak txartel ugari atera zituen. Tartean Altsasuko Ekhi eta Mendoza kalera bidali zituen txartel gorria aterata eta txartel gorria atera zion ere Altsasuko klubeko material arduradunari.
Etxarri da erregional mailako lider sendoa, 40 punturekin. 9 puntu ateratzen dizkio Arrotxapeari (31 p.). Altsasu 6. postuan dago, 27 punturekin. Asteburuan sailkapenean 5.a den Lezkairuren kontra jokatuko du Etxarrik eta 10.a den Universidad de Navarra taldea hartuko du Altsasuk.