Espetxe politika kriminalari stop! Presoak kalera! lelopean deitu ditu Sortuk gaurko mobilizazioak. Hain zuzen ere, gaur da elkartzekoa Espainiako Auzitegi Gorena 56 euskal presoren zigorraren luzapenaz erabakitzeko. Europako araudia bete eta Frantzian egindako espetxealdia kontuan hartuko zaien edo ez erabaki beharko dute gaur epaileek. Sortutik nabarmendu dutenez, “Preso hauek zigorra betea dutela ezin dugu ahaztu. Delitu berdinagatik zigorra bi aldiz betearazi edo ez erabakiko dute gaur”.
Ezker abertzaleko alderdiak salatu duenez, “PPren gobernua prest dago Europatik datozen arauak, zein Espainiako legedia bera urratzeko euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikari eusteko”. Sortuko kideen iritziz “espetxe politika da PPren tresna nagusia Euskal Herriak bakearen bidean aurrera egin ez dezan”. ETAk bere jarduna eten zuenetik hiru urte pasa direnean espetxe politikak “okerrera” egin izana salatu du aldi berean. “Salbuespenezko egoerak muturrera eraman ditu PPk”.
Sortuko eledunek gaur hartuko den erabakiaren ondorioei ere erreparatu diete: “zigorrak luzatzean de faktuzko biziarteko zigorra ezarriz, sakabanaketa, isolamendua, larriki gaixo direnak preso mantentzea eta jipoitzea... edozein neurri du zilegi PPk. Era berean, presoak zigortzeaz gain, erruleta errusiarrera kondenatzen ditu PPk astebururo senideak”. Horregatik, Sortuk euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka “indartzera” deitu du, “espetxe politika kriminalaren aurka egitea, bakearen eta konponbidearen alde jardutea delako”. Sakandarrak gaurko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.