Parlamentuak Sakanako Plan Estrategikoa garatzeko gobernuak parte hartzea eskatu du

Guaixe 2015eko urtarrilaren 13a

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Industria Batzordearen gaurko bilera.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Batzordeak gaur aho batez onartu du mozioa. Plana martxan jartzeko Nafarroako Gobernua “parte aktiboa” izatea eskatu du.

Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) egiteko ibarreko eragile sozio-ekonomikoak egindako lan eta ahalegina aitortzearekin batera, Parlamentuko batzordeak Nafarroako Gobernuari eskatu dio SPEn jasotako akzioak “ekonomia sustatzeko bere politika orokorretan integratzeko, enplegu jasangarria eta kalitatezkoa sortzen saiatu ahal izateko”.

Aldi berean, Nafarroako Parlamentuko batzordeak gobernuari eskatu dio “SPEren sustatzaileekin akordioak bilatu ditzala, planeko akzioak modu eraginkorrean martxan jartzeko beharrezko egitura-, giza- eta finantza-baliabideak jartzeko”. Elkarlan aktiboa ere eskatu diote gobernuari.

Parlamentuko taldeek argudiatu dute ekonomia sustapena ez dela udalen egitekoa Nafarroako Gobernuaren eskumena baizik. Elkarlanerako berretsi dute, “ez soilik baliabideak emanez, elkarlan eremuak sortuz ere, Nafarroako beste eskualde batzuetarako erreferentzia izan daitezkeenak”.

Hurrengo geltokia, Nafarroako Gobernua
Sakanako Garapen Agentziatik “oso positibotzat” jo dute mozioaren onarpena. SPEren gauzatzea bezala, “ adostasun eta elkarlanaren bidetik” segitzen duela ere nabaritu zion. Sakanako Garapen Agentziatik iragarri dutenez, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarriko dira planaren sustatzaileak. “Nafarroako Gobernuko ordezkariekin adostu bezala Sakanak bere kabuz Plan Estrategikoa ondu eta adostu du. Orain, Nafarroako Gobernuari dagokio elkarlanera biltzea eta dagozkion eskumenak erabiliz, Sakanako Plan Estrategikoaren gauzatzean parte aktibo izatea”.


Iritziak
UPNko Coro Gainza Aznarezek adierazi du lanpostuak sortu behar direla, horretarako “denak busti behar dugu, industriaren ezarpena baztertuko duten jarrerak baztertu beharko dira”. PSNko Roberto Jimenez Alli herrialdeko eskualdeen berezitasunak aitortu arren Nafarroa osorako planen alde agertu da. Nafarroako Gobernuari diru-baliabideak jartzeko eskatu zuen.

Bilduko Bikendi Barea Aiestaranek plana sortzeko izan zen parte-hartzea eta haren pluraltasuna eta ibarreko ehuna sustatzeko asmoa nabarmendu ditu. Nafarroako Gobernuak bitartekoak jartzeko eskatu du. Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longas Garciak plana egiteko “behetik gorako” metodologia goraipatu du, “Nafarroako beste eskualdeetarako eredu izan daitekeena, herrialdeko eskualde oreka lortzeko balio dezakeena”. Garapen orekatuaren alde egin du, “jasangarria, ez edozeren trukeko garapen azkar bat”.

Jose Migel Nuin Moreno IUkoak Sakanaren erreakzioa oso positiboki nabarmendu du. “Alternatibak bilatu zaizkio, krisiari eta egungo ekonomia politikari”. Nafarroako Gobernuari baliabideak emateko konpromisoa eskatu du. Geroa Baiko Manu Aierdi Olaizolak ibarreko eragileen arduraren eta inplikazioaren positiboa azpimarratu du. Adierazi du plana tresna berria dela eta garatu bitartean moldatu eta egokitu beharko dela. Planaren lidergoari erreparatu dio: “planaren sustatzaileek eta Nafarroako Gobernuak ongi zehaztu beharko dute, jendearen inplikazioa eta gertutasuna mantentzeko”. Azkenik, PPko Ana Beltran Villalbak plana sortzerakoan lortutako adostasuna nabarmendu du. Plana garatzean adostasun hor mantentzea eskatu du. “Denek onuraren alde, denek utzi beharko dute euren egitasmoaren zati bat”.