Arduratu gaitezen jolasten ez duten edo jolasten ez dakiten haurrekin. Hau hizlari bati aspaldian entzun nion esaldi bat da eta orduz geroztik gogoan geratu zait.
Winnicott (aurreko mendeko pediatra eta psikoanalista), haurrekin egindako lanagatik oso ezaguna izan zen. Berak sortutako teoria eta praktika, jolasaren inguruan eratzen dira. Bere ustez, jolasa oso garrantzitsua da, haurraren baita helduaren bizitzan ere: jolasa, berez, terapeutikoa eta sortzailea da, bizitzara gidatzen gaituen ekintza. Jolasten bada, transformaziorako eta hazteko aukera dago. Bere teoria, askoz zabalagoa da, baina jolasaren ideia hau azaldu nahi izan dut.
Jolastea garrantzitsua da, haurraren garapenerako alderdi nagusietako bat. Ekintza atsegina eta sortzailea da eta etorkizunerako prestatzen gaitu, helduak garenerako. Jolastean, haurrek, inguratzen dituen mundua maneiatzen ikasten dute eta ingurunearekin harremanetan jartzeko trebetasunak garatzen dituzte.
Umea jolasaren bitartez komunikatzen da: jolasten den bitartean, bere barrualdea adierazten du eta bere bizitzako gertakizunak irudikatzen ditu (beharrak, pozak, beldurrak, zailtasunak, nahiak, tristurak, ametsak…).
Honetaz aparte, ikasi, esperimentatu, irudimena landu, tentsioak askatu, harremanetan jarri, sozializatu, gorputza landu eta garatu… hau guztia egiten dute haurrek jolasten duten bitartean.
Beraz, eman diezaiogun dagokion tokia eta har dezagun denbora eta espazioa haurrek jolas dezaten eta jolastu dezagun beraiekin. Agian, helduoi ere, ongi datorkigu berriz ere ume bihurtzea eta jolasten ez ahaztea!!