Mendi ibilbideen sarea kolokan

Guaixe 2015eko urtarrilaren 15a

Nafarroako Gobernuak Mendi Ibilbideen Sareko mantenu lanendako ez du diru-laguntzarik eman eta Mendi Federazioa ibilbideei homologazioa kentzea aztertzen ari da. Bihar agerraldia eginen du Iñigo Alli Gizarte Politikarako kontseilariak

Aspalditik abisatzen ari da Nafarroako Mendi Federazioa, ezin duela gehiago bere gain hartu Nafarroako Ibilbideen Sareko mantenua. Izan ere, Nafarroako Gobernua da ibilbide horien sustatzailea. Gobernuak diru-laguntza ematen zion mendi federazioari aipatu ibilbideen mantenu lana egin zezan, eta federazioko 180 boluntariok egiten zituzten mantenu lanak: mendi ibilbideetan seinaleztapena jarri, mendizaleak ez galtzeko ibilbidea markatu eta beste mantenu lanak.

Baina azkenaldian federazioak ez du Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso. Nafarroan 4 Ibilbide Luze (GR delakoak) daude, 800 km osatzen dituztenak, eta Nafarroako Mendi Federazioaren esanetan “euren egoera delikatua da”. 2014ko otsailean adierazi zutenez “bi urte daramatzagu mantenu lanengatik diru-laguntza kobratu gabe. Gu gara ibilbideen mantenuaz arduratzen garenak, baina tarte honetan ere sortutako gastuak gure gain hartu ditugu. Baina gastu hori ezin dugu gure gain gehiago hartu. Kirol zuzendariak esan zigun gaiari irtenbidea emango ziotela 3 egunetan eta ez dugu berririk. Ez dagoela dirurik esaten du. Soilik interesatzen zaienerako dago dirua” adierazi zuten orain dela ia urte bat, mendi federazioko arduradunek.  

Homologazioa kendu?
Egoeraren aurrean, ibilbideei homologazioa kentzea dute mahai gainean. “2006an ibilbideei homologazioa kendu genien, eta akaso berdin jokatu beharko dugu, ibilbideen kartelen gainean homologatu gabe daudela jarri. Ikusiko dugu” adierazi dute federaziotik.
Izan ere, mendizaleendako ezinbestekoa da ibilbideak markatuta eta egoera onean egotea, mendizaleak ez galtzeko. Bestalde, ibilbideek ere turismoa erakartzen dute.

Kontseilariaren agerraldia bihar
Egoera konplikatu honen aurrean, Bildu-Nafarroak, Aralar-Nafarroa Baik, Izquierda-Ezkerrak eta Leuza parlamentariek eskatuta, Iñigo Alli Gizarte Politikarako kontseilariak agerraldia eginen du ostiralean, goizeko 10:00etatik aurrera hasiko den Gizarte Politikarako batzordean, Nafarroako Parlamentuan. Iñigo Allik Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioarekin dauden harremanak nola dauden azaldu beharko du, zein den egoera, Nafarroako Ibilbide Luzeen Sareei homologazioa kentzea ekiditeko.