Ikasle ohien premia, hobetu ahal izateko

Guaixe 2015eko urtarrilaren 15a

Ikasleak institutuan.

Aralarko Mikel Donea institutuko zuzendaritzak ikasle ohiei inkesta betetzea eskatu die. Segi dituzten ikasketetan nola moldatu diren jakin nahi dute, institutua hobetzeko.

Ikastetxeko zuzendari Javier Casteigek azaldu digunez, 2010 eta 2013 urteen artean institutua utzi eta unibertsitatean edo goi zikloetan ikasten jarraitu duten 100 bat ikasleri postaz bidali diete informazio eskaera. “Galdetegia laburra da, 10 minututan erantzuteko modukoa”. Zuzendariak azaldu digunez, inkesta honakoek osatzen dute: ikasketak noiz bukatu zuten, segidan zein ikasketa mota aukeratu zuten, zein metodologia mota aurkitu duten, nola moldatu diren eta institutuan zer egin daitekeen. Azkenik, institutuan egindako aldiaren balorazioa ere eskatu zaie ikasle ohiei.

Zuzendariak azaldu digunez, “badakigu akademikoki ongi prestatuta ateratzen direla. Baina hobetzeko institutuan egiten dugun hausnarketaren parte da hau. Ikasle izandakoak iturri garrantzitsu bat dira”. Ez da institutuak halako inkesta egiten duen aurreneko aldia. Casteigek gogora ekarri duenez, “zuzendari izan nintzen aurreko aldian ere egin zen, duela 10 bat urte. Baina denbora hori mundu bat da hezkuntzan, dena aldatzen da. Ikasleen ustez zer egin edo aldatu dezakegu hobetzeko, hori jaso nahi dugu”. Eta gaineratu du, “erantzuna emanda nahikoa laguntza emanen digute”.

Abenduan banatu zituzten inkestak eta ilbeltza despeditu arteko epea dago. Horretarako, ikastetxearen web orriko berriak atalera jo behar da.