Nafarroako Gobernuak Lakuntza eta Bakaiku arteko Sakanako Autobiako (A-10) zorua berritu zuen irailean eta lastailean (6,8 km Gasteizko noranzkoan eta 6,1 km Iruñerakoan). Hura berritu ondoren ibilgailuen gidariak kexu dira. Batetik, autobiako zorua irregular gelditu dela eta gidatzerakoan nabari dela. Bestetik, euria egiten duenean autobiako zoru berriak ura ez duela behar bezala zurrupatzen. Gidariak kexu dira galtzadan pilatzen den urarekin, bi eragin dituelako: lehena, beste ibilgailu baten atzetik joatean aurrekoak jasotzen duen urarekin ikuspena galtzen dela eta itsumustuan gidatzen dela; bigarrena, zoruan pilatutako urarekin ibilgailuak irrist egin eta bidetik aterata eta istripuak izan daitezkeela.
Erantzuna
Kontserbazio Zerbitzuko Mendebaldeko Negoziatu arduradun Patxi Ruiz Urmendiak adierazi duenez, “departamentuak egindako analisiaren ondorio da zorua hobetzeko lanak”. Jakinarazi duenez, horretarako aipatu autobideetako 2012ko eta 2013ko ezbehar-kopurua, istripuen tipologia, zeharkako marruskadura-koefizientearen bataz bestekoa eta ezaugarri geometrikoak (radioak, peralteak, aldapak eta abar) izan dituzte kontuan. “Analisia kontuan izanik, iragazgaiztasun, iraunkortasun eta uniformetasun handiagoa emateko eta, aldi berean, bere funtzionaltasun ezaugarriak (segurtasuna edo erosotasuna) hobetzeko zoruaren azaleko tratamendua egitea egoki jo zen”.
Gobernuak hotzean zabaldutako mikroaglomeratuarekin berritu du autobiako zorua. “Kostu txikiko eta balio estetiko handiko tratamendua da, zerbitzu aldian zehar zoruaren bizitza baliagarria luzatu dezakeena”. Gobernutik erantzun dute zoruaren eta gurpilen arteko heltzea hobetu dela eta horrekin bide segurtasuna. Ruizek azaldu duenez, Sakanako Autobiako (A-10) beste zoru zati batzuk modu berean konpondu dira, “argi geratuz egokia dela”.
Hala ere, aitortu duenez “egungo drainatze-tipologia aldatzen du eta ondorioz, iragazgaiztasuna handitzen da, baina aurretik joaten diren ibilgailuek proiektatutako ur kopurua handitzen du. Hala ere, asfalto horrek bide-segurtasuna hobetzen du”. Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, aurretik zegoen “zoruak errodadura erosoagoa eta isilagoa zuen, batez ere euriarekin, asfalto “lehor” sentipena sortuz, baina jarri berri den zoruak baino heltze ezaugarri nahiko txikiagoak zituen”.
Nafarroako Gobernuak 2012-2015 aldirako Leitzaran (A-15), Sakana (A-10) eta Iparraldeko (A-1) autobideetako kontserbazio integralerako lanak eman zituzten. Hiru bide horietan azken hilabeteetan egin dira mantendu lanek 834.486 euroko balioa dute. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, aipatu autobideetan lanak egin aurretik errodura-geruza zahartuta eta latz zegoen, agregakinen galera zuen eta azkenaldian zenbait tokitan konponketa txikiak egin zituen.