Bihar San Anton

Guaixe 2015eko urtarrilaren 16a

Dorraoko, Bakaikuko eta Urdiaingo kofradiek bihar ospatuko dute euren eguna. Iturmendik domekarako utzi du.

Mandazainek XVII. eta XVIII. mendeetatik XIX.era arte gurean izan zuten ekonomia jardunaren lekuko biziak dira San Anton kofradiak. Saindua animalien eta abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen babeslea da. Eta haren izena duten kofradiek euren eguna ospatuko dute asteburuan. Hildako kofradeak gogoratzeaz aparte, karguak berrituko dituzte ibarreko lau kofradiek. Ospakizuna bazkari ederrekin despedituko da.

Dorrao
San antondar dorrobarrak bihar elkartuko badira ere, gaur prestatuko dute biharko gosaria. Bihar, 9:00etan, elizan dute hitzordua. Hildako kofradeen omenezko elizkizuna eta gero priorearen etxera joanen dira. Han errespontsua (Aita Gurea eta Agur Maria) errezatu ondoren elkarteko bidea hartuko dute. Itur-aldea elkarteko mahaien bueltan gosalduko dute kofradeek. Batzuek karta-joko eta hizketaldiekin luzatuko dute egonaldia, besteak pasiatzera aterako dira. Baina guztiak ere 15:00etako bazkarian elkartuko dira atzera ere.

Bakaiku
Hitzordua 13:00etan dute jarria Bakaikuko San Anton kofradiako kideek, elizan, mezara joateko. Handik atera eta elkartean, 14:30ean, anaitasun bazkaria izanen dute. Giroa alaitzeko akordeoilariaren laguntza izanen dute.

Sainduaren egunaz aparte kofradiaren 300. urteurrena ospatuko dute san antondar bakaikuarrek. Horregatik, aurtengo ospakizunak berezitik ere badu. Elizkizuna eta gero ateratako talde argazkiaren kopia bana jasoko dute arratsaldean bertan kofrade guztiek. Horretaz aparte, 1715etik kofradiaren martxa jasotzen duen akta liburuaren kopia digital bana ere jasoko dute san antondarrek. Pasa den urtean liburua Nafarroako Liburutegi Nagusira eraman zuten, Iruñera. Hango adituek liburua zaharberritu eta digitalizatu egin zuten. Egindako lanaren ordainetan han liburuaren kopia digitala gelditu da.

Iturmendi
San Antonen eta San Migelen irudia duen bandera aldean dutela, san antondar iturmendiarrak domekan ospatuko dute euren eguna. Kofradeak 11:00etako mezan elkartuko dira. Ondoren, apaiz etxean batzarra eginen dute, kontuak zertan diren jakiteko eta egoki jotzen bada arduradun berriak aukeratzeko. Hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatu ondoren, Aritzaga elkartean bazkaltzera elkartuko dira.

Urdiain
Bihar eguerdian elizkizunean elkartuko dira san antondar urdiaindarrak. Joan den urtean kofradian bajarik izan ez bazen ere, aurreko urteetako hildako kofradeak izanen dituzte gogoan mezan. Garai batean meza ondoren animaliak bedeinkatzen zituzten, horien faltan bedeinkapena eginen du apaizak eta San Antonen omenezko kanta abestuko dute.

Eliz aldamenean dagoen Tintiniturri elkartean gosaldu ondoren, herriaren etxean batzarra eginen du kofradiak. Kontuak egunean jarri eta karguak berrituko dituzte atzera ere. Aitziber elkartean bazkaita joanen dira eta hura despeditutakoak, maiordomoen etxeetan jan-edanak izanen dituzte.