Etxarrik irabazi eta Altsasuk berdindu

Guaixe 2015eko urtarrilaren 19a

Erregional maila. 17. jardunaldia. Lezkairu 0 – Etxarri Aranatz 1 / Altsasu 2 – Universidad de Navarra 2

Lezkairu eta Etxarri Aranatz liderra parez pare aritu ziren Iruñean jokatutako partidan. Baloi guztiak jokatu zituzten eta bi taldeek jokaldi ederrak sortu zituzten. Atsedenaldia iristear zegoela, 45. minutuan, Etxarri aurreratu zen, Xabatek sartutako gol bati esker. Bigarren zatian Lezkairukoak buelta ematen saiatu ziren, baina Etxarrik ongi defendatu zuen eta hiru puntuak liderraren zakuan erori ziren.

Bestalde, Dantzalekun bina berdindu zuten Altsasuk eta Universidad de Navarrak. Partida hasi eta 4 minututara Riverok Altsasu aurreratu zuen eta nahiz eta bi taldeak saiatu, atsedenaldira markagailu horrekin joan ziren. Bigarren zatian OPUS-eko unibertsitatekoek indar gehiagorekin zelairatu ziren, eta behin eta berriz saiatu ziren Altsasukoen atea zulatzen. Estebanek bana berdindu zuen 65. Minutuan eta Ivanek unibertsitatea 1-2 aurreratu zuen 80. minutuan. Altsasuk ez zuen etsi eta partida bukatzear zegoela bina berdindu zuen, puntu bat salbatuz.

Sailkapen orokorrean Etxarri geroz eta liderragoa da (43 puntu). 9 puntu ateratzen dizkio Arrotxapea bigarrenari. Altsasu 5.a da, 28 punturekin. Hain zuzen ere asteburuan Arrotxapea bigarrenaren kontra ariko da Etxarri liderra. Altsasuk, aldiz, 16.a den Mutilbera taldea hartuko du.