Las fiestas de mi pueblo. Izenburu hori zuen Coca-Colak antolatutako idazlanen txapelketan aurkeztu nuen erredakzioak.( Akordatzen zarete lehiaketa hau aipatu nizuela lehenengo Asteko-an?) 13-14 urte nituen garai hartan eta beste askok bezala, Iruñeko barnetegi batean nengoen ikasten. Astelehenetik ostiralera, bertatik atera gabe.
Aipatutako festak San Saastinak ziren (horregatik dabilkit buruan kontu hau egun hauetan). “Erbesteratua” egoteak ematen zidan lizentziarekin, erromeria idiliko eta erromantikoa deskribatzen nuen: San Saastin ermitarako bidean gurdi handi batean jende piloa, hizketan, abesten... Imajinatzen dut nire burua idazten nuen bitartean, negu hotzean, oraindik hotzagoa zen “etxe” handi hartan. Seguru pentsatzen nuela zeinen ongi egongo ziren Lakuntzan bizi zirenak. Triste, ziur aski. Zenbat botatzen nituen nik faltan nire familia eta herria ikastetxe hartan! Ze inbidia, astelehenetan, Burundesaren zain nengoela, “Copeleche”-rako esnea ateratzen zutenak, berehala etxera bueltatuz (Agian haiei nik ematen nien inbidia, holaxekoa baita bizitza). Nik uste dut horregatik izango nuela nik gustuko idazlanak egitea: nire irudimenez, bidaiatu egiten nuen goxotasun bila herrira edota beste inora ere.
Baina herriminak bultzatua edo, erredakzioa polita atera omen zitzaidan eta gustuko izan zuen irakasleak. Horrexegatik hautatu zuen txapelketarako.