Aurreko ostiralean Iñigo Alli Gizarte Politikarako kontseilariak agerraldia egin zuen Nafarroako Parlamentuko Gizarte Politikarako batzordean, Bildu-Nafarroak, Aralar-Nafarroa Baik, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik eskatuta. Azken 3 urtetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Mendi Federazioari ez zion mendi ibilbideen sareko mantentze lanak egiteko diru laguntza eman eta egoeraren larritasunaren aurrean kontseilariaren azalpenak entzun nahi zituzten.
2011ko 197/2011 Foru dekretuak erabilera publikoko kirol ibilbideen sorrera eta mantentzea erregulatu zituen. Nafarroako Gobernuak ibilbideak erregistratu eta baimendu behar ditu, hau da, Nafarroako Ibilbideen Sareko sustatzailea da Gobernua, eta Nafarroako Mendi Federazioak mantentze lanak egiteko ardura du. Azken 3 urtetan Nafarroako Mendi Federazioak ez du diru-laguntzarik jaso eta federazioa eta bere 180 boluntarioak izan dira lan horren kostua bere gain hartu dutenak. Federazioak behin eta berriz azaldu du egoera “delikatua” dela, ezin zuelako gastu hau bere gain hartu, eta ibilbideei homologazioa kentzea egon da ere mahai gainean. Horrela, gaia Parlamentura iritsi zen.
Diru-laguntzak, aurten bai
Nafarroan 4 Ibilbide Luze (GR 12, GR11, GR 20 eta GR 220) daude, ia 800 km osatzen dituztenak. Iñigo Alli kontseilariak azaldu zuen Nafarroako 4 Ibilbide Luzeen Sarea seinaleztatu eta mantentzeko Nafarroako Mendi Federazioak egiten duen lan bikaina babestu egiten duela Nafarroako Gobernuak. Gogoratu zuen 2008 eta 2011 urte bitartean Nafarroako Gobernuak 420.000 euro inguruko inbertsioa egin zuela ibilbide sarea errekuperatzeko eta markatzeko. Informazio panelak eta posteak jarri ziren eta ibilbidea markatu zen. Lanak Federazioak egin zituen, 180 boluntarioei esker. “Nahiz eta federazioak ibilbideen mantenua kolokan dagoela esan, Nafarroan senderismoa egiten jarraitzen da eta erregulatutako eta ez erregulatutako ibilbideen sare bikaina dugu gurean” azaldu zuen kontseilariak. “Hasieran egindako inbertsio potolo horren ondotik, lehentasunak ezarri behar izan ditugu. 2012, 2013 eta 2014an ez da diru-laguntzarik izan, baina teknikari bat bidali genuen ibilbideak nola zeuden aztertzeko. Txostenak dio leku puntual batzuetan izan ezik ibilbidea primeran zegoela. Federazioak egindako mantenu lan bikaina onartu behar dugu, eta proposatzen duguna da aurten, 2015ean, diru-laguntzen bidea berriro hartzea, ibilbideen mantenua estaltzeko eta arazoa konpontzeko” azaldu zuen Allik. Kontseilariak azaldu zuen proposatuko dela udaberrian eta udazkeneko lehen egunetan Federazioko boluntarioek mantenu lanak egitea eta ondoren emango zaiela diru-laguntza.
Oposizioaren iritziak
Bilduko Bikendi Bareak kontseilariari eskatu zion hemendik aurrera ibilbideen mantenurako Gobernuak emango duen laguntzaren zenbatekoa zehaztu dezala. “Mendi Federazioak 3 urtetan ez du laguntzarik jaso eta mantenu lana egiten jarraitu du, gastuak bere gain hartuz. Egindako gastu hori federazioari bueltatzea eskatzen dugu. Ibilbideen Sarea zainduta egotea garrantzitsua da mendizaleendako, beraien segurtasunerako eta, bide batez, Nafarroako turismorako eta ekonomiarako. Gobernuak urtero zein diru laguntza emango dituen eta federazioari dirua bueltatuko dion jakin nahi dugu, bestela 2008-2011 artean Gobernuak egindako inbertsio publikoa eta 180 boluntarioek egiten duten lana alperrik botatzea delako” nabarmendu zuen. Bestalde, diru kopuru txikiez hitz egiten ari garela direla gaineratu zuen. “Ados gaude lehentasunak ezartzearen inguruan, baina urtero 30.000 euro ibilbideen mantenura bideratzea ez da asko, zuen departamentuan egin diren beste inbertsioekin konparatuta” gaineratu zuen.
Txentxo Jimenezek (Aralar-NaBai) 2008-2011 bitartean ibilbideen sarea seinaleztatzeko egin zen 420.000 euroko inbertsioa zergatik egin zen. “Nafarroako Gobernuak laguntzarik ematen ez zuenez, federazioak ibilbideak deskatalogatu behar izan zituen eta horregatik 2007an inbertsio potoloa egin behar izan zen ibilbideen sarea errekuperatzeko. Eta orain, tamalez, ia egoera berberera gindoazen. Garrantzitsua da ibilbideak ongi markatuta egotea eta mapak eguneratuta. Galdutako hiru mendizaleen erreskateak 20.000 euro baino gehiago balio dute” azaldu zuen. “Inori ez litzaiokeen okurrituko Donejakue bideko seinalizazioa kentzea. Hau berdina da. Gainera, Nafarroako turismorako potentzial ekonomiko handia du. Ibilbideak ongi badaude, kanpoko mendizale asko erakarriko ditu, ia 800 km-ko ibilbideak ditugulako. Duen erabilpen masiboari begira, mantenurako 30.000 euro bideratzea oso merkea da. Ibilbideak ongi ez izatea Nafarroa desprestigiatuko luke, eta ongi izateko ez da diru askorik behar. Federazioari azken urteko gastua ordaindu eta urtero mantenu kostua bere gain hartu behar dira” gaineratu zuen.
Iritzi berberakoa zen Txema Mauleon (Izquierda-Ezkerra). “Egoera honetara heltzeak txundituta uzten nau. Diru kopuru erridikuluez ari gara. Nafarroa Arena itxita mantentzeak 100.000 euro kostatzen zaigu. Eta Nafarroako mendi ibilbideen sarea egoera onean mantentzea 35.000 euro kostatzen zaigu urtero, aurrekoaren ondoan kantitate erridikulua. Gainera, Mendi Federazioen boluntarioek egiten dute mantenu lana. Gobernuak egingo balu kostua askoz handiagoa litzateke. Ezin daiteke 420.000 euroko inbertsio potoloa egin eta gero mantenuagatik ez ordaindu. Zergatik ez duzue mendi sareen sareak Nafarroan duen inpaktu ekonomikoa neurtzeko ikerketarik egiten? Turismoan eta Nafarroako prestigioan irabazten duguna eta osasunean aurrezten duguna jakin. Federazioari dirua bueltatzea eta federazioarekin urtero hitzarmen egonkorra izatea, ibilbideen mantenu kostuak estaltzeko” azaldu zuen.
Geroa Baiko Patxi Leuzak gaineratu zuen ibilbideen sareen mantenua gastu bat izan beharrean inbertsio bat bezala hartzea, ongi seinaleztatutako ibilbide batek turismoa, kontsumoa eta beste erakartzen duelako. “Inbertsioak pena merezi du. Gaurko komunikabide batean azaltzen zen Gobernuak 20.000 euroko kopurua zehazten duela, baina Mendi Federazioak 35.000 euro eskatzen baditu, eta hori da euren minimoa, horrela beharko luke izan” nabarmendu zuen.
UPN-ko Jose Antonio Rapunek azaldu zuen garrantzitsuena zela ibilbideen mantenurako diru-laguntzetara berriro bueltatzea. Boluntarioen lanari esker ibilbidea bikain mantendu dela adierazi zuen. “Garrantzitsuena da arazoa konpondu dela eta mendi ibilbideen sarea ongi egotea interesatzen zaigula, turismoagatik, ekonomiagatik, segurtasunagatik eta sozialki ere inportantea delako”.
Alderdi Sozialistako Maria del Carmen Otxoak azaldu zuen 2013an eta Landa Garapen batzordean ibilbideen mantenua egiteko Mendi Federazioari 35.000 euro ematea onartu zela eta harritua zegoen “hori gauzatu ez delako”. “Diru hori posteak jarri, margoa erosi, gasolina ordaindu eta boluntarioei bokata bat emateko erabiltzen zutela azaldu ziguten. Boluntarioen lana eta inplikazioa baloratu behar dugu. Asko kostatu da ibilbide horiek markatzea eta Federazioari egindako gastua ordaindu behar zaio eta hemendik aurrera mantenu kostuak gobernuak bere gain hartu” eskatu zuen. Amaya Zarranzek (PP) azalpenak ematea eskatu zion Alliri.
Ez dutela ezer zor dio Allik
Allik erantzun zien kontziente zela federazioak egindako lan handiaz, baina 2008-2011n egindako inbertsio handiak 3 urtetan inbertsio gehiagorik egin behar ez izatea ekarri zuela. “Hori erakusten du gure ikerketako txostenak. Mendi federazioari argi esan genion lehentasun kontuengatik azken 3 urte hauetan ez zela diru-laguntzarik egongo. Hortaz, ez diogu inori ezer zor” nabarmendu zuen. “Txosten teknikoa eskutan, ulertzen dugu 2015ean berriro mantenu kostuak gure gain hartu behar ditugula” gaineratu zuen. Hortaz, azken hiru urteetan federazioak bere gain hartutako kostua ez du bere gain hartuko Gobernuak.