Korrikan parte hartzeko gonbitea

Guaixe 2015eko urtarrilaren 23a

Iruñean aurkeztu zuten Korrika 19.

Urepelen martxoaren 19an hasi eta 29an Bilbon bukatuko da 19. Korrika. Sakanatik 27tik 28rako gauean pasako da, ostiraletik larunbaterako gauean.

Larunbatean aurkeztu zuten Iruñean Korrika 19. Euskahaldun leloarekin bat eginezz, euskararen aldeko lasterketan parte hartzeko gonbitea luzatu zuten AEK-tik. Otsailetik aurrera Korrika-ko kilometroak eskuratzeko eta Korrika Laguntzaile izateko deia ere egin zuten aurkezpenean (12 euroren truke).

Nafarroan AEK-k 40 urte daramatza herritar helduei zerbitzua eskaintzen. AEK-ko ikasle asko bere garaian ikastetxean ikasi ez zutenak dira. Haiek euskaltegietatik euskaraz komunikatzeko gai direla ateratzen ikustea gogobetetzen ditu AEK-ko irakasleak. AEK-k Nafarroa osoan herritar helduei euskara ikasten eta erabiltzeko aukerak ematen segitu nahi du. AEK-ko Nafarroako euskaltegien koordinatzaile Alizia Iribarrenek azpimarratu zuenez, “oso garai gogorrak pairatzen ari gara”. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren xedea euskara guztiz zokoratzea dela salatu zuen. Era berean, euskaltegiei dagokienez, gogorarazi zuenez, “Gobernuak ez du inolako sustapenik edo planifikaziorik, eta azken hiru urteetan ez ditu berez oso eskasak ziren laguntzak banatu”.

Ekitaldian, beste behin, bere lanarekin aurrera jarraitzeko, AEK-k lagun ugariren sostengua jaso du. Arlo ezberdinetako pertsonak agerraldian izan ziren, eta ikasleen zein irakasleen inguruan eseriz, haien babesa irudikatu nahi izan dute. Sakandarrak ere izan ziren: Garbiñe Petriati (Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Zuzendaria), Castillo Suarez (euskara teknikaria) eta Alberto Bandiaran (idazlea-kazetaria). Erakundeek ukatutako arnasa herritarrek eta eragileek ematen dietela nabarmendu zuten AEK-tik. “Tinko eta indartsu” segitzeko asmoa adierazi zuten AEK-kideek.