EHE “Udala eta biok euskaraz” dinamikaren fruituekin pozik

Guaixe 2015eko urtarrilaren 23a

Sakanako beste herriak dinamikarekin bat egitera gonbidatu dituzte: “udala da herritarrengandik hurbilen dugun administrazioa, bertan eragiten has gaitezen Euskal Herrian Euskaraz bizitzeko bidean”

Lakuntzarrak, etxarriarrak eta altsasuarrak aktibatzeko asmoz, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) Udala eta biok euskaraz dinamika martxan jarri zuen joan den urtean. Haren balantzea egiterakoan eragile euskaltzaleak jakinarazi du asko izan zirela euren udalei harremanak euskaraz, hau da, ohar, bando, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta abar euskaraz izatea nahi zituztela adierazi zieten herritarrek udalei.  

Lakuntzan, 28 herritarren eskaerak bideratu zituen EHEk. Udala euskaraz aritzeko lanean ari dela jakinarazi du EHEk, baita berak dinamikarekin segitzen duela ere. Horregatik, lakuntzarrak udalarekin euskarazko harremanak nahi dituztela eskatzera animatu dituzte. 

Etxarri Aranatzen herritarrek egindako eskaerei erantzunez udalak UEMArekin batera egindako euskararen erabilera plana aurkeztu zien EHEko kideei. Haren bidez, urte gutxiren buruan, udala euskaldunduko dela jakinarazi zien. Plan horren zehaztasunak ezagutarazteko batzar irekia iragarri dute urte hasierarako. 

Altsasun, udalak herritarren eskaerak onartzearekin batera EHEkoekin elkarlanean hasi ziren. Euskararen Ordenantza onartzeko bidean zegoen eta horretan aritu dira. Hura onartu ondoren, euskaldunen errolda osatzeko elkarlanak segitzen du.

Urte Berri, Asmo Berri

Etxarriarrek eta Etxarriko eragileek urte berrirako euskararen aldeko konpromisoak hartu eta elkarrekin elkarbanatzeko aukera izanen dute gaur, 19:00etan, plazan.