Asteburuan emaitza bera lortu dute erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarrak, baina Altsasuk garaipenaren aldera eta Etxarri liderrak, aldiz, porrotaren aldera.
Etxarrik lider denetik lehen porrot potoloa ekarri zuen asteburuan Arrotxapeatik. Hasieratik garaipena lortzera atera ziren iruindarrak, eta lehen ordu laurdenerako bi gol sartu zituzten. Lehen zatian goitik behera dominatu zuen Arrotxapeak, eta liderrak ezin izan zion erantzun. Iosuk sartutako aldeko hiru golekin iritsi zen atsedenaldira Arrotxapea. Bigarren zatian Etxarri hobeto atera zen zelaira. Bi taldeek euren aukerak izan zituzten, baina atzera ere Iosuk Arrotxapearen aldeko gola sartu zuen, laugarrena, penalty bati esker. Xabatek Etxarriren gol bakarra sartu zuen, baina oraindik ere beste gol bat sartzeko tartea izan zuen Arrotxapeako Txolok. Horrela, 5-1 galduta itzuli zen liderra.
Aldiz, Altsasun gol festa ederraz gozatzeko aukera izan zuten, Dantzalekun Altsasuk 5-1 hartu baitzuen menpean Mutilbera. Hasieratik bukaerara dominatu zuen Altsasuk. Hasieratik gol aukerak sortu zituzten altsasuarrek, baina baloiari kontrako atean sartzea kosta egin zitzaion, 28. minutuan Reparazek Mutilberaren atea zulatu arte. Hala ere, Mutilberak bikain erantzun zuen eta 35. minutuan berdintzea lortu zuen. Baina altsasuarren erreakzioa bikaina izan zen eta atzera ere Reparazek, eta Darlingek kontrako atea zulatu eta aldeko 3-1arekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Altsasuk dominatzen jarraitu zuen eta beste bi gol sartzea lortu zuten Davidek eta Aitorrek.
Etxarrik jarraitzen du lider (43 puntu). Arrotxapea bigarrenak 37 puntu dauzka. Altsasu sailkapenean igo da eta 5.a da (31 puntu). Asteburuan Etxarrik 24 punturekin 12.a den Doneztebe hartuko du eta Altsasuk atseden hartuko du.