Aldaketa baino, Euskararen Lege berria eskatu du euskalgintzak

Guaixe 2015eko urtarrilaren 26a

Otsailaren 19an aztertuko du Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea aldatzea eta herrialde guztian D eredua jartzeko aukera. Hori dela eta, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia egin du Nafarroako euskalgintzako makina bat ordezkarirekin. Bilbaok laburbildu duenez, “lege berri bat nahi dugu behar dugulako. Sektore guztietan eta lurralde osoan eragingo duen legea nahi dugu. Arkitektura juridiko berria eraiki behar da, plangintza sendoen bitartez garatuko dena eta baliabide nahikoak esleiturik”.

Gauzak ongi otsailaren 19an legea “partzialki, arinki” aldatuko dela nabarmendu du Bilbaok, baina “aukera berriak irekiko dira eta gure apustua euskararen aldeko normalizazioa indartzea izango da, ikastetxe publikoetan lerroak irekiz eta ikastolak indartuz. 1 + 1 egitera goaz, herri ekimenez, bat eginda aurrera egitera goaz”.  Indarrean den Euskararen Legeak “28 urte Nafarroa zatitzen, nafarrak urruntzen, harresiak eraikitzen, lege bitartez hizkuntza-eskubideak urratzen” eman dituela nabarmendu du Bilbaok.


Lau zutabe
Hizkuntza politika egokia lau zutabetan oinarritzen dela azaldu dute euskaltzale nafarrek gaurko agerraldian. “Alde batetik, arkitektura juridikoaren egokitzapena egin beharra dago normalizazioa errazteko; bestaldetik, plangintzak abian jarri behar dira hizkuntza-politika politika planifikatua delako; hirugarrenez, mota guztietako baliabideak esleitu behar dira; eta, azkenik, herri gogoaren elikadura etengabea bermatu behar da herritarrak direlako normalizazioaren motorra”.

Lege aldaketa egin ondoren, Bilbaok nabarmendu duenez, “herritarren nahia kalitatez atenditu ahal izateko baliabideak esleitu behar dira (irakasleria egokitzeko, materialak hedatzeko eta, oro har, ikastetxeak harrera egokia egin dezaten, ikastolek baldintza egokitan jaso ditzaten matrikula berriak)". Plangintzari dagokionez, “helburu eta epe zehatzak dituen plangintza ez bakarrik matrikula berriak egoki jasotzeko baizik eta horiek gero eta gehiago izan daitezen”. Euskalgintzak bere gain hartu du “herritarren motibazioa lantzeko beharrezko lan jardunak indartzea orain arte egin dugun bezala”.

Apirilaren 25ean, Anaitasunara!
Egun horretan Nafarroako euskalgintzak Euskararen normalizazioa erraztuko duen hizkuntza politika nola egin behar den publikoki azalduko du.



Agerraldian izan dira
Bilbaorekin batera izan dira: Iker Gorosterrazu (Bertsozale Elkartea), Xabi Gartzia (AEK), Alizia Iribarren (AEK), Gorka Iriarte (EHE), Joxerra Olano (IKA), Sergio Iribarren (Sortzen), Bego Bados, Asier Biurrun, Maider Irazoki, Arantza Goienaga, Javi Tejedor, Helios del Santo, Nestor Esteban, Garikoitz Torregrosa, Josetxo Apezetxea, Jorge Arias, Malen Eugi, Oier Zuñiga, Susana Garralda eta Oskar Zapata (ezin izan du bertan egon).